2025-09-15 222 esaldi
«Hizkuntza dugu munduaren gure neurria, gure lehen eremu kultural librea; hizkuntzari eutsi nahi soilarekin kontribuzio sekulakoa egiten ari gara kultura unibertsalari.»
Lertxundi, Anjel (2005): ‘Eremu libreak, eremu konpartituak‘, Jakin 150, 11-24.
Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazlea da. Filosofia eta Letra kasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Irakasle ere izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta bertako zuzendari aritu zen lau urtez. Euskarazko literaturako idazle oparoenetakoa da eta alor guztiak jorratu ditu, eleberriak eta ipuinak, itzulpenak eta saiakerak, nahiz haur eta gazte literatura. Zinemagintzan ere aritu zen 1980ko hamarkadan. Bi aldiz jaso du Espainiako Kritika Saria, Hamaseigarrenean aidanez (1983) eta Kapitain Frakasa (1991) liburuekin. Argizariaren egunak liburuarekin Euskadi Literatura Saria ere jaso zuen, 1999an. 2010ean, berriz, Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanarekin.
2005ean Bilbon egin zen Kultur Politikei buruzko Nazioarteko Biltzarrean irakurritako testua da Anjel Lertxundiren aipua dakarrena. Bertan, euskara, kultura, euskal kultura eta kultur politikari buruzko hainbat hausnarketa aurkezten ditu. Partikularraren eta unibertsalaren arteko harremanaz egiten du gogoeta, euskaldun gisa munduan izateak kultura unibertsalari egiten dion ekarpenaz, eta euskaldun gisa munduan izateko modu beste kulturetara irekiaz. Joan-etorriko ibilbide kultura horietarako hizkuntzaren eremua oinarria dela azpimarratzen du Lertxundik, idazlan jori eta mamitsuan.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
