HamaikaTB

Joxe Azurmendi hil da

Ez da hilbeila eta hileta ekitaldirik izango

2025-07-02 Albisteak

Jakin Taldeko kide eta azken hamarkadetako euskal pentsalari emankorrena hil da, uztailaren 1ean. Euskararen, euskarazko kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko hautuak eraberritzen funtsezkoa izan zen haren pentsamendua 60-70eko hamarkadetan. Minorizazio eta zapalkuntza egoera betean, euskararen alde egitearen zentzuaz galdetu zuen, eta aldarrikatu jaiotzak ez, ekiteak egiten duela bat euskaldun; euskararen aldeko praktika jarraituak elkartzen duela diren eta izango diren euskaldunen komunitatea. Bere garaiko eta etorkizuneko euskaldunentzat pentsatu duen filosofoa joan da, eta 40 liburutik gorako obra utzi du.

Pentsalari zegamarraren ibilbide intelektuala Arantzazun frantziskotarrekin hasi zen. 60ko hamarkada erdian Europan barrena jarraitu zuen, bereziki Alemanian, eta frankismo ostean Euskal Herrira itzuli zen arte. Harrezkero, garaian garaiko auziak pentsatzeko marko propioak eraikitzen aritu da. Nazioaz, biolentziaz eta haren kondenaz, pentsamendu sozialaz, gizabereaz, euskal pentsamenduaren genealogiaz… aritu da bere lanetan. Arloz arlo, modernitatearen ideia hegemonikoen irakurketa kritikoa egin du, Euskal Herritik eta euskaraz.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan