HamaikaTB

Laguntasuna ‘chacra’-tik – Jokin Bergara

2025-06-18 Egunen gurpilean

Hemen egongo naiz

Gorrotorik ez erein. Gorrotoa itsua da, maitasuna bezala, baina bigarrena eraikitzailea da, dio Pepe Mujicak, gazte belaunaldietara modu sakonean iritsi den politikari bakarrenetakoak. Diktadura, kartzela, borroka armatua, fronte zabala, presidentetza eta bere chacra umila. Agortzen ari den mundu batentzat, mezu argia: ekipajea arindu, maitasuna erein, gobernuburuetatik hasita.

Agian nazioarteko politikak haren irudia erromantizatu duelako, edo agian berarengan itxaropen argi bat ikusi dugulako, begiratu dio Rio de la Platako bazter horri munduak. Hegazkinik aurreratuenak eta telekomunikazio satelite sofistikatuak produzitu ez arren, herrialde txiki horrek sinpatia eta laguntasuna ekoitzi ditu, ekonomialarien hizkeran esateko, gaurko munduan stock mugatuan dauden ondasun preziatuak. Denok sentitu dugu, haren heriotzarekin, lagun eta kide bat joan zaigula, guztion lagun bat, hain humano, hain gertuko. «Jakizu, txarrenetan ere, hor nagoela, zurekin», zioen haren azken hitzartzeetako batean. Ez zuen alferrik idazten haren aberkide Mario Benedettik ere, con tu puedo y con mi quiero, vamos juntos compañero. Aurrera, elkarrekin.

Gorrotoa ereitea errazagoa den bezala, pentsatu izan dut laguntasuna ereiteko baldintzak ere ez direla beti berdinak. Gure klase sozial, gustu kultural eta zaletasun antzekoak dituztenekin laguntasun harremanak eraikitzea gauza bat dela, eta beste bat, askoz korapilatsuagoa, gure antzekoak ez diren horiekin laguntasunaren lur bat zabaltzen saiatzea. Hori pentsatu nuen Uruguain bertan, Montevideoko El Cerro eta La Teja auzo gogorretara egindako bisitetan. Pobrezia gordinak, indarkeriak eta narkoak bakean lagatzen ez dituen auzo horietan, benetan mirestekoa iruditu zitzaidan hango militanteen lana, elkartasunaren, maitasunaren eta antolakuntzaren lan nekaezina eskaintzen diotelako gizarte kapitalistak abandonatutako eremuei. Laguntasuna ereiteko lur harroa izan arren, desberdintasun sozioekonomiko edo kulturalen mugak gainditzen saiatu eta auzo bat kohesionatzeko zereginean murgiltzea izan liteke laguntasuna ulertzeko modu bat. Laguntasuna auzoari, herriari eta herri hori osatzen duen bakoitzari, trukean ezer espero gabe, vamo arriba.

Laguna parekoa izan ohi da, berdintsua, horizontala. Zailagoa da goitik beherako edo behetik gorako laguntasun harremanak eraikitzen, botere eta estatus distantzia gehiegiak kamusten duelako elkarren artean konfiantza eraikitzeko saiakera oro. Laguntasunean ez dago helburu ekonomiko edo funtzional zuzenik, harremana bera da, bere horretan, azken helburua. Horregatik dira apurtzen zailagoak, ez direlako hainbeste proiekzio sortzen haien potentzialen inguruan.

Marina Garcések, laguntasuna definitzeko, ET estralurtarraren adibidea jarri du bere azken liburuan (La passió dels estranys. Una filosofia de l’amistat, Galaxia Gutenberg, 2025). Inork ez zuen espero, inork ez zuen gonbidatu, eta, hala ere, gure bizitzak eraldatzen ditu. Haurtzaroan film hori ikusi genuenok seguraski lehen aldiz sentitu genuen geure baitan laguntasunaren esanahia. Nork ez du bere memoria sentimentalean gordea ilargiaren aurretik bizikleta hegalarian pasatzen diren irudia? Filosofoaren arabera, ETk oso modu erradikalean planteatzen du laguntasuna bestelakoa den izaki batekin baldintzarik gabe harremantzea dela; are gehiago, norbere planetatik ihes egiten laguntzeraino. Hor haren samurtasuna, eta hor haren fideltasun itsua. Filmaren azken eszenan, ETk lagunaren burua seinalatuz ongi borobiltzen duen bezala: «Hemen egongo naiz». Garcésen hitzetan: «Laguntasuna bakarrik egoteari diogun beldurra elkarrekin galtzeko daukagun aukera da».

 

Ezkonlagunak

Beste harreman sozial batzuetan ez bezala, ordea, laguntasuna gutxi instituzionalizatua dago. Estatuak legedi zurrunetan esaten digu zein den kolektibotasun bat eratzeko modu arautua (izan bikotea, familia edo mendizaleen federazioa) baina laguntasunak ihes egiten die familia-liburu, kontratu edo erregistroei. Laguntasun harremanek hautsi egiten dituzte zehatz perfilatutako bizimoduak. Hortik abiatuta botatzen du Garcések erronka: zertarako nahi ditugu familia gehiago eraiki, lagunak izan ditzakegun mundu batean?

Dena den, ikuspegi horri Euskal Herritik egin diezaiokegu ñabarduratxoa. Andreas Hess soziologo alemaniarrak aztertu zuen bezala, euskaldunon artean modu instituzional bat asmatu dugu konfiantza, fideltasuna eta elkartasuna sortu eta birproduzitzeko: kuadrilla. Gainera, kuadrilla berean egon daitezke langile eta enpresariak, erlijio ezberdinak praktikatzen dituzten pertsonak edo ideologikoki etsairik amorratuenak direnak. Forma sozial bereizi bat, azkenerako gure gizartea artikulatzen duena. Hessek zioen kuadrillak bere burua birproduzitzeko duen eremu naturala elkarte gastronomikoak direla, hor ere, publiko eta pribatuaren arteko muga lausoan, pertsonen desberdintasun sozioekonomiko edo kulturalak arintzen direlako. Ekimen intimoago bat litzateke, praktika kultural bat, familia eremuaren eta gizarte zabalaren arteko erdibidean kokatzen dena, eta mahai berean jatera esertzeak mahaikideak parekoago izatera daramatzana.

Noski, kuadrilla, beste edozein instituzio bezala, bere burua iraunkortzeko erritualak bilatu zalea da. Irati Zubiak idatzi duenez:

Kuadrillak erritual propioak ditu, familiak bataioak eta bikoteak ezkontza nola. Izan daiteke jaietan janzten den blusa edo whatsapp taldea bera. Ez da ohikoa kuadrilla-bazkarietara kanpoko norbait gonbidatzea, pentsaezina den bezala Gabonetako familiako mahaira edo bikotearen zitara beste norbait etortzea. Kuadrillari ere fideltasuna zor zaio: familia ez da traizionatzen, kuadrilla ere ez.

Ezaguna da Slavoj Žižeken hausnarketa, tonu erreakzionario xamarrean, bilobak amona bisitatzearen inguruan. Esloveniarrak zioen eskola zaharreko Aita totalitario batek agindu zuzena emango liokeela bere seme edo alaba gaztetxoari, tonu gogorrean: «Berdin zait amona bisitatu nahi duzun edo ez, joan behar duzu eta kitto!». Aldiz, dio Aita postmodernoak presio are gehiago jartzen diola, esanez amona bisitatu behar duela hala sentitzen badu: alegia, bisitatzeaz gain, hori egitea gustatu behar zaiola. Azkenerako, lehenak beti bisitatuko du, eta bigarrenak gogoa galduko du lehen bisitan.

Gainontzeko harreman sozial instituzionalizatuetan ere badago hortik zerbait, kuadrillak ez dira salbuespena: urteko afaria dago, joan behar duzu, kitto. Seguraski, inork ez du esango: «Aizue, hau sortu genuenean bakardadeari elkarrekin aurre egiteko konpromisoa hartu genuen»; baina hor dago agian kuadrillek funtzionatzearen arrazoietako bat: beti gustatu edo ez, bazoaz. Familia eta bikote egiturak bezala, ordea, aurreko mendeetako egitura soziala da kuadrilla, eta aurre egin behar dio XXI. mende azkar, likido eta aldakor honi.

Ez dakit Marina Garcések fenomeno sozial partikular hori zehatzago aztertuko balu berdina esango lukeen bere liburuan; alegia, zergatik saiatu familiak eraikitzen, kuadrillak dauden mundu batean? Erantzun genezake agian kuadrillak familia zabalduxeagoak direla, malguagoak, baina beren eskubide eta betebeharrak dauzkatela. Dena den, tokikoak balioa berrartu beharko lukeen garaiotan, ez legoke txarto pentsatzea zer egin nahi dugun laguntasunaren forma instituzionalizatu horrekin.

 

Argi postmodernoak

Hortaz, badagokigu agian laguntasunaren inguruan pentsatzea mundu globalizatuaren eta baliabideen agortze testuinguruan. Beharbada euskal literaturan harreman forma horiek hobekien islatu dituena Irati Elorrieta izan da Neguko argiak (Pamiela, 2018) liburuan. Berlinen kokatutako istorioa kontatzen du, munduko bazter ezberdinetatik iritsi diren pertsonaien arteko mapa bat osatuz. Pertsonaien artean ezartzen diren harremanak likidoagoak dira, familiak edo komunitateak ezartzen duen betebeharraren zentzu moralik gabe, eta kultura global batekiko pertenentzia sentipenarekin. Erroekin guztiz hautsi gabe baina aberrigabe dabiltzan pertsona errariak, egunerokoan murgilduak, norbaitengandik edo zerbaitetik ihesean, edo zerbaiten bila, Roberto Bolañoren detektibe basatiek Cesárea Tinajero Sonorako basamortuan bilatzen zuten modu bertsuan.

Ematen du horrek zer pentsatua materialki gutxiagora joango garen garaiotan, ea nola eraiki genezakeen gertuagoko bizimodu bat kultura global batekiko pertenentziak dakartzan alde on guztiekin hautsi gabe. Ea posible den Berlin moduko hiri batek hara iristen denari eskain diezaiokeen askatasuna mantentzea tokiko komunitatearen babespean. Jorge Riechmannek teorizatu zuen antzeko zerbait, esanez XXI. mendeko eskubideak eta askatasunak behar ditugula gure bizitzetan, baina XIX. mendeko inpaktu ekologikoarekin. Baina ez gaitezen engaina, askatasun horiek (mugikortasuna, abiadura, konektagarritasuna munduko edozein bazterrekin segundo gutxitan) sostengu fisikoa behar dute, erregai fosilen zigiluarekin.

Lehen, lagunak ondoko etxekoak ziren, edo ondoko herrikoak edo udara pasatzen zenuen toki horretakoak. Gaur, esperientzia globalizatu den honetan, izan gaitezke vietnamdar baten lagun Berlinen, argentinar batena Istanbulen edo pakistandar batena Bilbon, horrek dakarren aberastasun guztiarekin. Postmodernitateak forma berriak eman dizkio laguntasunari, eta, esperientzien abaniko zabala eskura jarri digun bezala, harreman sozialen dentsitatea mehetu du. Hiri zabalean murgiltzearekin batera afektuak eta pertsonekiko ditugun konpromisoak ahultzen dira, iragankorrago bihurtzen dira. Pentsatzen dut ez ote genukeen ekologismotik ere tokiko laguntasunera itzulera bat aldarrikatu beharko, alterglobalizazioaren ezkerreko teoriekin sinergian. Ezberdinera, bestera, arrotzera zabalik, baina tokitik eta lurraldetik.

Dena den, bakardadearen itzala geroz eta gehiago zabaltzen ari den mundu batean, ez nuke esango laguntasun globalaren desazkunde bat planteatzeko moduan gaudenik: are gehiago, hazkundea bilatu beharko genuke, laguntasunaren urteko Barne Produktu Gordina %3 haztea helburu aski duina litzateke. Ziur aski Pepe Mujica zaharrak esango liguke horri buruz zerbait, bizikleta hegalari baten gainean doala.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan