2025-03-24 Artikuluak

ama,
galdu dut ahotsa /
nola egongo naiz isilik orain?
(Juana Dolores)
Zerbait esan nahi dut. Nahiz eta niri aholkatu zidaten hau bezalako tokietan isilik egoteko. Elizan, ikasgelan, komisarietan, museoetan. Ez hitz egin altuegi toki serioetan. Ez jaso ahotsik tenpluetan. San Telmon hitz egiten dudan bigarren aldia dut gaur.
Joxe Azurmendi Kongresuan izan nuen lehena. Masterreko ikasle ginen batzuoi hots egin ziguten, genituen ideia apurrak Azurmendiren pentsamenduarekin harilkatzeko. «Pentsamenduaren Ur-Jauzia» zen egun hartako posterraren leloa. Sukaldean dut zintzilik ordutik. Hezetasun-orbain susmagarri bat estaltzen du.
Egun handia izan zen. Nire lehen plaza filosofikoa. Familia-bazkarian haurren mahaitik helduenera igarotzearen modukoa. Lehenbizikoz, adituen aurrean solastatuko nintzen. Nahiz eta adituko ninduten edo ez, hori beste kontu bat den. Edonola ere, ni jantzi nintzen goitik behera beltzez. Eta bertaratu nintzen, urre koloredun baina plastikozkoak ziren belarritako batzuk soinean. Txita dardarti bat nintzen, eyeliner fin-fin batekin.
Lortu nuen hitzik esatea totelik egin gabe. Ondoren, trukatu nituen bizpahiru hitz harekin eta bestearekin. Eta begiratu nien urrutitik eminentzia pare bati. Bi mezu jasoko nituen ondorengo asteetan.
Lehena, ordu txikietan heldu zen. Demagun goizeko ordu bietan, demagun ostiral batez: «Iepa, filosofa». Ni baino hamalau urte zaharragoa zen filosofo batena zen, parrandan zebilela eta ea bada animatuko nintzen. Ez dut gehiagorik esango. Baina bai, zeuon tenpluetan ere bada da halakorik. Nik plastikozko belarritakoak erantzi nituen.
Bigarren mezua, berriz, korreoz ailegatu zitzaidan. Lorea Agirre zen, Jakinetik. Usurbilen egitekoa zen jardunaldi batean parte hartzeko gonbita luzatu zidan. Aditu gisa zuzendu zidaten lehen mezua izan zen. Izango nuen mikrofonorik eta mahai bat, nire izen-abizenak zituen karteltxoa eta guzti. Are beltzago, are solemneago, jantzi nintzen. Ez zen izan eyelinerrik. Bisuteriarik ere ez. Edonola ere, gonbidapen hori inportantea izan zen. Eta gaur, zerbait esan nahi dudanez, azaldu nahi dut zergatik.
ama,
galdu dut ahotsa /
nola egongo naiz isilik orain?
Ezagutza lokalizatua da. Beti abiatzen da nonbaitetik, nonbaitera. Horixe izan da ezagutzaren teoria feministen lehen premisetako bat. Bigarren premisak zera dio: zapaltzen duzun zoruaren arabera, pentsamenduak egingo duen bidea desberdina izango da. Inporta dute norbere zapatek. Kalean bezalaxe, hemen ere bidea ez da beti segurua. Farolak funditzen dira eta polizia autoak daude bazterretan. Jakinen eskutik hausnartu genuen behin, taldean, ideia horren inguruan.
Eibarren izan zen. Gauza asko ondorioztatu genituen. Adibidez, filosofoek zinez gauza gogaikarriak egin dituztela. Adibidez, pentsalaria kobazulotik kanpo, ideien munduan irudikatzea. Pentsalari brillantea da dagoena mundutik aparte, munduaz pentsatzen. Ez da aipatzen ez gorputzik, ez identitaterik, ez goserik, ez minik. Eta hortik abiatuta, pentsamendua zer den ere oso modu zehatzean zedarritu da.
Lurretik kanpo eta zerutik gertu.
Asko jota, hodei geldo baten epelkeriaz mugituko da.
Goian dagoenak goikoaren ikuskera emango du ezinbestean. Esango dizute, begiratu gora! Horra hor, zeruan, pentsamendua. Mundua nolakoa den jakin nahi baduzu, begiratu eguzkia, segi ezazu iparrizarra. Alabaina, behetik begiratuta eguzkiak min egiten du begietan. «Zerutik gertu ez da ondo egoten», dio kantuak. Eta pentsatu, pentsatu ere hobeto egiten da lokatzean.
ama,
galdu dut ahotsa /
nola egongo naiz isilik orain?
Audrie Lordek urteak eman zituen poesiaz gozatu gabe. Ez baitzen artean bere historia kontatuko zuen narraziorik. Eta eskura zeuden kontakizunek etsaiaren epaia eta biolentzia zuten inskribaturik. Hori gertatzen baita pentsamenduak goitik beherako bidea egiten duenean: lurrera heltzerako, ideiak zahartu egin dira. Lordek zihoen apenas zela ideia berririk. Eta minak, minak ere zaharrak zirela. «Jadanik ez da min berririk, denak sentitu ditugu eta».
Urrun daude gero hor goiko aldareak. Horren urrun, nekez entzuten direla handik behetik esateko direnak. Baita behekoek oin puntetan jarri eta zintzurra hautsi arte oihu egiten dutenetan ere. Gauza bat da ez entzutea eta beste bat entzungor egitea. Eta, sarri, bigarrena gertatzen da.
«Ezagutza lokalizatua bada, ezjakintasuna ere bai», zihoen Nancy Tuanak. Sailkatu zituen botere dinamika diferenteen arabera ezjakintasun mota batzuk. Horietako bat da borondatezko ezjakintasuna. Tentagarria zeharo. Erosoa. Horregatik da sarri hautatua. Zerbaiti ezikusiarena egitea da erruari, ardurari izkin egiteko analgesiko paregabea. Eta, bide batez, pribilegioari bere horretan eusteko garantia. Ezjakintasun horretan gotortzen dira indiferentzia zuria zein konplizitate maskulino isila.
Izenik badu, bada, dio esanak. Eta izenik ez badu, ez dela, uste du goitik behera pentsatzen duenak. Zure mina ez da existitzen. So sorry, no le entendemos. Ez dugu zure hizkuntza solastatzen. Ez dugu zure zera hori azaltzeko ideiarik gure merkatuan. Eta hori esan diezazukete munduko tonu amableenarekin. Gloria Anzaldúak argi bota zuen: «El Anglo con cara de inocente nos arranco la lengua».
«Iepa, filosofa». Hemendik, nire gorroto infinitua jende amableari. Eta ojo, maitagarri izateko konfiguratu duten batek esaten dizue hori.
«Ama, galdu dut ahotsa/ nola geratuko naiz isilik orain?» ageri da Juana Doloresen Girgileria-n. Isilik egotea ez da aukera bat. Lordek nahiago izan zuen jendeak gaizki interpreta zezan, are, arbuia edo eraso zezan, isilik geratu baino. Isiltasunak ez zaitu salbatuko, egin zien ohar kideei. Hil egingo nintzen, hil egingo naiz. Esan behar nuena esan izan banu ala esan ez banu ere, berdin-berdin hilko nintzen. Nire isiltasunak ez ninduen salbatu.
Intuizio ziren ideiak destilatzeko. Horretarako balio zion poesiak Lorderi. Izenik ez zuena izendatzeko. Eta hortik abiatuta eztabaidatu, konpartitu eta salatzeko. Horregatik dio, «poesia ez da luxu bat». Poesia ez da luxu bat. Poesia luxu bilakatzen denean bihurtzen da apaingarri bat, girnalda distiratsu bat, museo bateko erakusketako lagina. Baina, poesia ez da luxu bat. Marwan Makoulek argitu zuen Palestinatik 79 hartan, politikoa ez den poesia bat idazteko txoriei entzun behar ziela. Baina txoriei entzuteko, bonbardaketak amaitu behar direla.
Kristalezko eskaparatean alboan «ez ukitu poesia» dio museoko karteltxoak. «Ez ukitu pentsamendua».
ama,
kendu digute ahotsa,
nola egongo gara isilik orain?
Izenik ez duena ere bada. Bada, gose da, haserre da, min da, kokoteraino dago. Izenik ez duena, noski badela! Baina, zailagoa da salatzen. Pentsamendua beti da dabilen zerbait. Orain, nork jarriko du pabimentua? Nork botako lastoa lokatzetan? Noren kontura harlauza eta baldosak?
Bidea goitik beherakoa denean, pentsamendua jesartzen da besaulki batean. Filosofo jauna esertzen da, ziplo, hankak zabal-zabal. Eroso, baina mundutik kanpo. Ideiak zaharkitu egiten dira. Ideiak zaharrunoak dira. Filosofia gogaikarria. Eta filosofoak uff. Filosofoak jasanezinak.
Aldiz, behetik garatzen denean, pentsamenduak egin dezakeen bidea bikoitza da. Bai, garatu behar duzu mundu ikuskera hegemonikoa, ulertzeko zein diren arauak; baina garatu behar duzu ere mundu ikuskera disidentea, ulertzeko nola zapalduko zaituzten arauek. Orduan hartzen du pentsamenduak isuri bizia, orduan izan liteke ur-jauzi. Ideiak haragitu egiten dira. Filosofia, akaso, utila izan daiteke.
Nire kide eta lagunek bazekiten mina zer zen, horri hitzik jarri baino lehen. Baina, orain, horretaz hitz egin nahi dute. Nire kide eta lagunek ez dute iparrizarrik segitu nahi, erabaki nahi dutelako nora joan. Nire kide eta lagunek ez dute nahi teoria estatikorik, hain zuzen ere, gauzak aldatu nahi dituztelako. Nire kide eta lagunek gorroto dute luxua, eta horregatik janzten dute bisuteria. Nire kide eta lagunek ez diote pentsamenduari eguzkia bailitzan begiratu nahi. Eguzkiak min egiten du begietan. Nire kide eta lagunek eguzkitako betaurreko merkeak dituzte, urre kolorekoak eta plastikozkoak.
Eta betaurreko kutreek begiak narriatzen badizkiete, nire kide eta lagunek kopetaren gainera igotzen dituzte. Eta orduan koroa bana soinean izango balute bezala da. Halaxe begiratzen diote nire kide eta lagunek eguzkiari. Eta bai, zerua zoragarri izaten da halakoetan.