2025-03-24 Artikuluak

testu hau itxiera bat da, eta abiapuntu bat.
***
arkumea ematen zenuen sakrifiziorako prest
esan zidan orain dela hamar urte.
arkumea.
sakrifiziorako prest.
eta hamar urtean eraman dut aldean esaldia, gorputz honetako lekuren batean gordeta, tolesen batean.
luzaroan ezikusia egin diot.
bolada batzuetan, hainbat hilabetez, tarteka hainbat urtez, ez zait gogora etorri kontzienteki.
baina hementxe eduki dut nahiz eta esaldiaren ardura ez den, berez, nirea.
gaur askatu egin nahi dut ardura hori, eta dagokionak har dezala.
ematen zenuen arkumea sakrifiziorako prest
esan zidanean eszena erreal bat deskribatzen ari zen, ni tartean nintzen eszena bat hilabete batzuk lehenagokoa; berak ordenagailuan ikusiko zuen ziur aski.
eszena hori deskribatzeko beste modu bat, ez hain metaforikoa –eta metaforaren beraren izaera problematiko polifazetikoan ez naiz sartuko, nahiz eta metafora polifazetikoki problematikoa den oso, baina luze joko luke eta ez da guztiz gaia eta bibliografia sobera izango duzue bilatuz gero–,
eszena hori deskribatzeko beste modu bat, ez hain metaforikoa, bada, izan liteke esatea ezen ni, arkumea eman edo ez, idazle bat nintzela bere opera primari buruzko telebista-elkarrizketa bat ematen, aurrez aurre kazetaria nuela, besaulki banatan eserita biok.
sakrifiziorako prest arkumea ematen zenuen
esan zidanean uda zen eta beroa egiten zuen, poesia-jaialdi golfo samar batean geunden azken potearen hondarrak hartzen, taberna itxita ja, ni, kolega bat, eta ezagun batzuk, gutxi.
bost lagun denera, hori dakarkit memoriak.
denok ginen mundutxo horretako parte-hartzaileak, sistemaren puntu desberdinetan intersekzionalki kokatuak pribilegio-maila desberdinekin; bera, zehazki eta besteak beste, ondo ezarritako euskal argitaletxe bateko kidea zen, argitaletxeko kidea aspalditik –hogeitaka urte–.
ematen zenuen sakrifiziorako prest arkumea
esan zidanean orain dela hamar urte beharbada arrazoia eman nahi zidan, hori ere pasa zait burutik.
egia esan, ez du axola.
nik esandako zerbaiti erantzuten ari zen, hori bai.
asko laburbilduz, nik hitzez adierazi nuena kexa bat zen, gu parte ginen arloko botere-dinamiken aurkako sententzia batzuk, gauzen egoerarekiko sinetsi ezina, onartu nahi eza, besterik gabe irensteari ukoa, oraingo gazte eroa izatearekin lotu ohi diren kontuak.
nire hitzen azpiko korronte abisala bestelakoa zen, orain badakit: erreguka ari nintzen, konplizitate bila, lagun egingo zidan keinuren baten bila etsian, amorruaren eta injustizia-sentipenaren bihotz bakarti minetik –zauri zaharrak, zauri primigenioak–.
baina zaunkaka erregutzea beharbada ez zen estrategiarik eraginkorrena eta, bestalde, ez dagoen lekuan ezin alerik topatu.
arkumea sakrifiziorako prest ematen zenuen
esan zidanean erreakzionatu egin nuen, fuerte.
hitzez erreakzionatu nuen, kontra eginez zuzenean, eta ekintzaz erreakzionatu nuen orobat, lurrera bota nuen eskuan neraman kaña-edalontzi hutsa.
ez zen apurtu.
benetan.
errebotatu egin zuen, onik, osorik.
hori ere eraman dut aldean hamar urteotan. porrot bat balitz bezala.
sakrifiziorako prest ematen zenuen arkumea
esan baitzidan eta horrekin batera ordenamendu biolento bat ezarri baitzuen nire gainean –betiko ordenamendu biolentoa–, munduaren eta nik mundu hartan neukan eta izan nezakeen lekuaren fantasia bat –betiko fantasia–.
inpotentzia sentitu nuen, iruditu baitzitzaidan edozer eginda ere ez nuela lortuko berak nigan, eta berak bezala beste mordoxka batek nigan, halakoak proiektatzeari uztea, ez nuela lortuko berak eta berak bezala beste mordoxka batek ni begirada zabalagoz ikustea,
ni ikustea behingoz.
inpotentzia doblea, basoa apurtzeko gai ere ez nintzelako izan: zarata horrekin itzuli nahi nion nire buruari jabetasun minimo bat.
baina hamar urte pasa dira ez alferrik, eta bestela ikusten dut orain. audre lordek, poeta lesbiana beltzak, esan zuen «ez badut nik definitzen neure burua, beste pertsona batzuek nitaz dituzten fantasietan zanpatuta geratuko naiz[ela], eta bizirik jango naute[la]», eta egia da goitik eta behera.
hamar urteren puska luze batean zanpatuta eduki nau sakrifiziorako prest arkumeak, haserre eduki nau zanpatuta edukitzen uzteak.
baina hamar urte pasa dira ez alferrik.
orain, egia esan, bastante egin nuela iruditzen zait: desadostasuna adierazi, neuzkan tresnekin. orain, egia esan, egin nezakeen guztia egin nuela iruditzen zait. nire esku zegoen guztia.
hamar urte pasa dira ez alferrik.
tori, bada, arkumea ematen omen zuena sakrifiziorako prest.
tori.
hartzazu
arkumea ematen zenuen sakrifiziorako prest
ematen zenuen arkumea sakrifiziorako prest
sakrifiziorako prest arkumea ematen zenuen
ematen zenuen sakrifiziorako prest arkumea
arkumea sakrifiziorako prest ematen zenuen
sakrifiziorako prest ematen zenuen arkumea
arkumea ematen zenuen sakrifiziorako prest
itzuli egiten dizut, itzuli egiten dizuet; ez da nirea. ez nire proposamen politikoa, ez nire desira, ez nire iruditegia.
ez da nik parekoak eta mundua hartu eta eraiki nahi ditudan modua.
* * *
hamar urte pasa dira, ez alferrik. zorionak, jakin. kritikoki autodefinitzen segitzea opa dizuet.