Cookie aukerak
Pertsonalizatu Adostasun Hobespenak

Cookieak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean nabigatzen laguntzeko eta zenbait funtzio betetzen laguntzeko. Cookie guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko duzu jarraian baimen-kategoria bakoitzean.

"Beharrezkoak" gisa sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, ezinbestekoak baitira gunearen oinarrizko funtzionalitateak gaitzeko.... 

Beti aktibo

Beharrezko cookieak beharrezkoak dira gune honen oinarrizko ezaugarriak ahalbidetzeko, hala nola, saio-hasiera segurua emateko edo zure baimen-lehentasunak doitzeko. Cookie hauek ez dute identifikazio pertsonaleko daturik gordetzen.

Cookie funtzionalek funtzionalitate batzuk egiten laguntzen dute, hala nola, webguneko edukia sare sozialetako plataformetan partekatzea, iritziak biltzea eta hirugarrenen beste eginbide batzuk.

Cookie analitikoak bisitariek webgunearekin nola elkarreragiten duten ulertzeko erabiltzen dira. Cookie hauek bisitari-kopurua, errebote-tasa, trafiko-iturburua eta abar bezalako neurriei buruzko informazioa ematen laguntzen dute.

Iragarki-cookieak bisitariei aurretik bisitatu dituzun orrietan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko eta iragarki-kanpainen eraginkortasuna aztertzeko erabiltzen dira.

Elkarren ondoan pentsatzetik elkarrekin pentsatzera

Durangoko Azokan dabilen pentsamenduaz aritu dira Mari Luz Esteban, Ibai Atutxa eta Maialen Akizu

2024-12-07 Albisteak

Dabilen pentsamenduaren inguruan bildu ditu aurtengo Durangoko Azokako mahai inguruak Mari Luz Esteban, Ibai Atutxa eta Maialen Akizu pentsalariak. Euskal pentsamenduari begirada zabala eskaini diote hiruren artean bakoitzak norbere esparrutik, Lorea Agirreren gidaritzapean: Atutxak hizkuntzalaritzatik, Estebanek feminismotik eta Akizuk kulturgintzatik. Dena den, eta pentsamenduan ere hartzea ematea dela jakitun, erreferentzia sare zabala harilkatu dute aipuz aipu.

Euskal munduaren barbarizazioak euskal pentsamenduari eragin dion ignorantziari heldu dio Atutxak, euskarazko sorkuntza desagerrarazi egiten baitu hedabideen erdarazko ataletatik. Horrela, berariaz eragindako ingorantzia estrukturala sortzen dela agertu du hizkuntzalariak, eta horrek, bueltan, barbarizazioa elikatzen du, ignorantzia birproduzitzen duen sorgin-gurpila sortuz. Izan ere, barbarizazioa erregimen bat da teoria bat baino gehiago, inposatzen zaigun egia bat.

Mari Luz Estebanek pentsamendua fikziotzat ulertzen du, egiatzat baino gehiago. Euskal pentsamenduari feminismoak egindako hiru ekarpen nabarmendu ditu: gure gizartean ere badauden desberdintasun eta desberdinkeriak ikusarazi eta teorizatzea, tradizioen berrikuspena eta dikotomiekiko kritikotasuna. Azken horri tiraka, euskarak duen joera binarioaren inguruan egin diren ikerketak aipatu ditu (Luxán eta Hernandez, esaterako). Gainera, pentsamendua sortzeko modu kolektiboa eta pentsamendu horizontala lantzeko bideak ari dira hortik garatzen, eta, noski, «gorpuztasuna erdigunean» jartzea ere ekarri dio feminismoak euskal pentsamenduari.

Maialen Akizuk kulturgintzan dagoen kezka nagusietako batetik begiratu dio pentsamenduari ere: transmisiotik. Akizuk kultur esperientzia bizitzeko espazioekin lotzen du transmisioa, eta horien faltak kezkatzen du bereziki. Esteban pentsamenduaren geometria birpentsatzeaz aritu dela baliatuz, transmisioaren eta zabalkundearen irudi berri baten beharra aldarrikatu du. Jarraian, erreferentziei tiraka (Iztueta), ez-fikziozko lanen hutsunea seinalatu du, fikzioak pentsatzeko duen potentziala ukatu gabe; fikzioari ez dagokion esparru mugatu horretan nor ari diren sortzen, hori entzuleei luzatu dien galdera. Eta beste erreferentzia bat lotuz (Retolaza), dugun errelatu kulturalaren hutsuneak eta premiak gogoratu ditu: «Errelatuaz asko pentsatu da, baina errelatu kulturala falta zaigu, estereotipatu xamar dago».

Pentsamendua espazioari eta espazioa pentsamenduari

Eztabaidarako eta pentsamendurako dauden espazioen inguruko kezkan batu dira hiru hizlariak, prozedurak, unibertsitate eredua eta nominalismoa abiapuntu hartuta. Estebanek Euskal Herriak bizi duen unearekiko poza agertu du: «Ziurgabetasun handia dago, batetik, sekulako aktibazioa, bestetik; edonon dago pentsamendua». Hala ere, aberastasun hori bidean galtzen ote den du kezka, eta galbaheak aztertzeko beharra agertu du: «Pentsamendu kolektiboa eta anonimoa landu behar da, bestela beti izango da partziala”. Hain zuzen, pentsalarien lanetik abiatu ordez, auzietatik abiatzea izan daiteke bide bat, Atutxaren aburuz. Unibertsitateak daukan hutsunea izan du hizpide. Euskarazko unibertsitate publikoa aldarrikatu arren: «unibertsitatearen egiturak jendea elkarren ondoan pentsatzera darama, elkarrekin pentsatu ordez»; gainera, Euskal Herrian, unibertsitatean sortutako ezagutzaren birjabetza herri mugimenduei esker gertatzen dela gogoratu du. Akizuk ere eremu ez hain egituratu horiek nabarmendu ditu, pentsamendu hori «herriari iristeko» bide egoki gisa.

Egun landu beharrean ikusten dituzten auziak izan dituzte hizpide, azkenik. Estebanek gorputzaren bidetik oraindik aztertzeko «kapital handia» dagoela berretsi du, eta baita hizkuntzari buruzko ikerketan ere. Akizuk hezkuntzari begiratu beharra nabarmendu du, beste alor asko eta askori eragiteko esparru izan daitekeelakoan. Atutxak airean utzi du barrua astintzen dion galdera, gertatzen ari den genozidioari lotuta pentsamenduaz harago, pentsamenduan eta kulturgintzan dabiltzan erakundeek izan beharko luketen jarreraren inguruan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan