2024-10-23 Albisteak
Aitor Zuberogoitiak bere liburu berria argitaratu du Jakin Irakurgaiak bilduman: Zero. Transhumanismoa ate-joka Erdi Aro berrian. Zuberogoitia kazetaria da formazioz, Euskaldunon Egunkaria-n aritua eta kazetaritzan doktorea. Azken urteotan Mondragon Unibertsitateko irakasle dihardu, komunikazioaren eta teknologiaren bilakaerari adi. Hain zuzen, zero zenbakiaren ekarpena abiapuntu gisa hartuta, egungo gizarte «geroz eta automatizatuagoak» dituen erronkak ditu gogoetagai.
Xabier Eizagirre Jakineko editoreak azpimarratu du «Goi Erdi Aroaren argazki osatua» datorrela liburuaren lehen zatian, zero zenbakiak izan zituen inplikazio matematikoetatik harago. Gainera, kontaketa Orlhaceko Gerbert aita santu izatera iritsitakoaren istorioarekin gurutzatzen da, numerazio sistema aldaketaren eta horrek ekarri zuen iraultza zientifikoaren eragileetako bat izan baitzen okzitaniarra. Zuberogoitiaren aburuz, «zeroa iritsi eta eragiketa matematikoak biderkatzeak Errenazimentua eta humanismoa ekarri zituen, zientzia piztuz».
Zuberogoitiak argi du liburua idatzi zuenetik aldaketek gertatzen jarraitzen dutela, abiadura bizian. Horren erakusle, berak hitzaurrean aipatu zituen Twitterren desagerpena eta X bilakatzea bezalako aldaketak dagoeneko barneratu ditugula, eta beste asko ari direla gertatzen orain ere. Bizpahiru adibide aipatu ditu ilustratzeko: «Teslak lehengo astean aurkeztu du Taxi biplaza autonomoa, gidaririk gabe dabilena; edota iragarri duten eraztun adimenduna, uneoro konektatuta egoteko; konektatuta zeri, ordea?». Ohartarazi du automatizazio hori nondik datorren eta zer diskurtso sortzen dituen dela aztertu beharrekoa. Ez ote garen muturreko teknologizazioarekin «infomata» bilakatzen ari, Byung-Chul Han filosofoak seinalatutako moduan.
Teknofeudalismoa
Egileak aztertu nahi izan du ea ba ote daukan funtsik, Euskal Herriko zein atzerriko zenbait pentsalarik iradokitako moduan, bizi dugun garaia Erdi Aroarekin alderatzeak. Garai bakoitza berezia dela eta alderaketa guztiek arbitrariotasun-puntua daukatela aitortuta ere, bi antzekotasun ikusten ditu berak: batetik, Erdi Aroan bezala, erresuma eta herrialdeak euren baitara biltzeko prozesu baten lekuko garela uste du, globalizazio eta irekitze aro baten ostean inplosio momentua bizi dugulako, brexit-ak, Errusia eta Ukrainaren arteko gudak, Ekialde Hurbilean gertatzen ari denak edota AEBetako muga geroz eta itxiagoek erakusten duten moduan. Bestetik, hainbat ahotsek «teknofeudalismo» garaiak bizi ditugula seinalatu dute, non gure datuak saltzearen truke inork hautatu ez dituen eta botere-banaketa mekanismorik ez duten megakorporazio handien lur digitaletan bazka gaitezkeen jopuak bihurtu garen.
Egilearen bi ondorio
Giza izaerari berari eragiten dion bilakaera bizi dugula aipatu du Zuberogoitiak, eta ondorio nagusi bi atera ditu: batetik, Joseba Gabilondok aipaturikoa ekarri du gogora, hots, teknologiaren arazoak ez direla teknikoak, politikoak baizik, eta horregatik hain zuzen, premia-premiazkoa dela adimen artifizialaren gobernantza-ereduaren inguruko gogoeta (horri dagokionez, interesgarri iritzi dio Europa adimen artifiziala arautzeko egiten ari den bideari, baina, bere ustez, Europaren eragina oso mugatua da AEB eta Txinarenarekin alderatuta, eta, paradigma aldaketa batez ari garela kontuan izanik, kezkagarri iruditu zaio herrialde horietan teknologia horren inguruan gutxieneko arautze legal eta etiko barik jarduteari.
Bestetik, zeroak jatorrian bi adiera zituela gogoratu du, eta nola Mendebaldera bakarra ekarri zen. Izan ere, shunya eta shunyata bereizten zituzten Indian, non lehenak zero matematikoa irudikatzen duen eta bigarrenak ezerezaren kontzeptua. Mendebaldeak gogamena hustea eta orainean zentratzea zekarren bigarren adiera hori arbuiatu egin zuela dio Zuberogoitiak, baina gogorarazi du gaur egun leku desberdinetatik ari direla seinalatzen hutsune horri, gauza guztien azpian dagoen batasun horri, dimentsio erlazional eta sistemikoari (izan ere, berori ahaztuta shunya matematiko hutsera mugatzeak erabateko atomizazioa baitu ondorio): fisika kuantikoan, adibidez, korapilatze kuantikoa seinalatu zuten 2022ko Nobel saridunek –dena erlazionala dela–, ekologia sakonetik eta Gaia hipotesitik ere antzeko gauzak defendatzen dituzte, baita Biologiaren korronte garaikide batzuetatik (Bizi Adimenari erreferentzia eginez) zein Braidotti eta ziborg feminismoaren ildoko egile batzuen ikuspegi planetario geozentratutik… Bigarren konklusio modura, beraz, Zuberogoitiaren aburuz, ikuspegi erlazional-sistemiko hori lantzea eskatzen du, inoiz baino gehiago, gaur egun bizi dugun garaiak.