2016-05-19 Bloga
Interneteko sare sozialek zurrumurruen hedapenerako ingurune berria, bikaina eta globala direla badakigu. Arkaitz Zubiagak eta bere lan taldeak metodologia bat proposatu du publikatu berri duten ikerketa batean, hedatzeko dituzten mekanismoei buruz gehiago jakiteko. PHEME informazioaren egiazkotasuna datu analisiaren bidez aztertzen saiatzen den proiektu europarraren markoan, bederatzi gertakari garrantzitsuren inguruko 300 zurrumurru kate aztertu dituzte (5.000 txio inguru).
Ikerketaren ondorioak asko badira ere, orokorra hauxe da: «faltsuak diren zurrumurruak egiazko direnak baino gehiago hedatzen dira». Datuak aztertzen hasi eta proposatutako metodologiari jarraiki, zera ikusi dute: benetakoak suertatzen ziren zurrumurruek, behin egiaztapena lortuta, hedapena geldotzen zutela. Aldiz, ondoren gezurtatzen zirenek, gezurrezkoak zirela frogatzeko ebidentzien faltan, hedapen handiagoa izateko joera zuten.
Zehazki, datuek erakusten dute benetakoak suertatzen diren zurrumurruek bi ordu inguru behar dituztela frogatuak izateko. Faltsuek, aldiz, 14 ordu inguru behar dituzte. Aldi berean, zurrumurruek, frogatu ez denean duten hedapen gaitasuna, ondoren egiazko edo faltsua frogatu baino lehen, hedapen handiagoa lortzen dutela ere ikusi ahal izan dute.
Jendartearen gehiengo zabalak ez du kritikotasunik azaltzen jasotzen duen informazioarekin, eta zurrumurru hedatzaile bilakatzen dira. Baina, horiez gain, zenbait informazio agentziek azken orduko informazioak konfirmatu gabe ere publikatzen dituzte reportedly moduan, guztiz konfirmatu gabe, alegia.
Zurrumurruaren definizioa bera adosteko zailtasunak nabarmentzen ditu Arkaitzek. Horregatik, gertakari garrantzitsuak hautatu eta kazetarien laguntza beharrezko izan dute. Prozesu osoan zehar kazetarien papera berebizikoa izan da, zurrumurruak identifikatu eta sailkatzeko, konfirmazioa edo ezeztapena identifikatzeko…
Teknologiek laguntza ematen dute, baina gizakiaren gainbegirada behar duten sistema sasi-automatikoen bidezko giza konputazioa ezinbestekoa izan da oraindik ere.
Ikerketak alerta behintzat piztu behar digu asko zabaltzen diren mezuen inguruan. Gehien zabaltzen diren zurrumurruek gehiago irauten badute, kontu gehiagorekin zabaldu beharko genituzke; ez dute zertan egia izan, frogatu den bezala.
Etorkizuneko helburuen artean, jasotako datuetan oinarrituz, ikasketa automatikoaren bidez hobetu nahi dute prozesua, kazetariek egin beharreko lana errazteko. Kazetariak ordezkatzea baino, horiek zurrumurruen aurrean dituzten mekanismoak hobetzea du helburu ikerketak.
Aztertutako txioak ingelesez dira, alemanezko gutxi batzuk kenduta. Euskarazko txioekin azterketarik egin ez badu ere, analisiak antzeko emaitzak emango lituzkeela uste du Arkaitzek. Hipotesi horiek frogatzeko, era honetako ikerketa gehiago egin beharko genituzke gurean; Zubiagak ere behin baino gehiagotan adierazi du era honetako diziplina anitzeko ikerketen beharra.