2014-11-10 Bloga
Hiri inteligenteak (smart cities) eta partekatze ekonomia (sharing economy), beste termino asko bezala, azkar txertatzen ari dira jendartean. Batzuetan erreflexiorako denborarik gabe ere, smart kaleak ditugu gure herrietan edota oporretan sharing zerbitzuak erabiltzen ditugu.
Smart cities terminoak, hirien arteko lehiakortasunari lotutakoak diren ezaugarriez gain (ekonomia, kudeaketa, mugikortasuna…), hiritarren bizitzarekin harremana duten beste batzuk ere barne hartzen ditu (ingurumena, jendartea, bizi-kalitatea…). Datu horien guztien erabilerarekin, hiri bat inteligenteagoa, ordenatuagoa, efizienteagoa, bizigarriagoa… bihurtzen omen da.
Sharing economy edo partekatze ekonomia delakoa, komunikazio zerbitzu digitalei esker, bakoitzak izan ditzakeen baliabideak trukatzean datza. Horien bidez, etxeak, autoak, espazioak, ezagutza… trukatzen ditu jendeak, batzuetan diru truke, baina ez beti.
Bata zein bestea, Web 2.0 garaian marka horrek suposatu zuenaren ondorengo logikoak dira. Interneteko zerbitzuen ostean, gure ondasun publiko zein pribatuetatik sor daitezkeen aukera ekonomikoen bitartekari bihurtzea bilatzen dute.
Web 2.0 garaiak hasieran behintzat irekitasuna suposatu zuen, aukera berri ugari, baina zentralizazioan bukatu dute gehienek. Sortu ziren milaka zerbitzu eta software ostean, Google, Facebook, Twitter eta gutxi batzuen eskuetan gelditu da guztia. Hau da, zentralizazio prozesu bat gertatu da Interneteko zerbitzuei dagokienez.
Batzuentzat gauza interesgarri asko ekarri baditu ere, pribatutasuna eta autonomia bezalako esparruetan eragin handia izan du guztiongan. Jende askoren bizitza zerbitzu horietan dagoen informazioa baliatuz ezagutu, bertan eragin eta laster etorkizuneko jarrerak iragarri ahalko dira.
Esparru berrietan eragiteko jauzi berri bat izan daiteke hori guztia ezer egiten ez badugu. Teknologiari katalizatzaile rola ere ematen zaio; sor daitezkeen sareen, komunikazio aukeren eta sentsore kontrolen bidez eskuratu nahi dena, aldiz, harreman horien bitartekaritza edota informazioa da.
Hiri inteligenteen kasuan, orain arte gure kabuz hedatzen genituen informazioez gain, gure ekimenek sortzen dituzten metadatuak nahi dituzte. Guri buruz, gure kabuz ematen dugun informazioan gezur asko esaten omen ditugula dirudi. Partekatze ekonomiaren kasuan, jabetza eta beharren arteko harremanak aztertu eta errentagarri bihurtu nahi dituzte.
Ekimen horien guztien diskurtsoetan pertsonak kokatzen dira, eta, ustez, horientzako, guretzako onurak bakarrik ekartzen dituzte. Hori bai, inoiz ez dituzte aipatzen detektatuta ditugun milaka arazo (pobrezia, prekarietatea, langabezia).
Gure jendartearekin inongo harremanik ez duten pertsona eta agenteek gure hiriak eta harremanak kontrolatzeko arriskuan gaudela argi dago. Eztabaida eta kezka leku guztietan dago, eta iritzi eta posizioak ere askotarikoak dira.
Enrique Dans enpresa gizon ezagunak merkatua aukera paregabe bezala ikusten du eta orain arteko industriak hankaz gora jarri izana txalotu (http://tinyurl.com/sharing-enrique-dans). Bruce Sterling zientzia fikzio idazleak arrisku larriak ikusten ditu Uber (autoak taxiak balira bezala ibiltzea proposatzen duen zerbitzua) bezalako adibideek hirietan izan dezaketen eraginean (http://youtu.be/OYNaoMkY8qY). Evgeny Morozov-ek arlo ekonomikotik bereizitako afera bat bezala tratatzeak dauzkan arriskuak eta larritzeko moduko ondorioak ere azaleratzen ditu (http://tinyurl.com/data-evgeny-morozov). Ivan Miró katalanak smart city-aren aurrean hiri kooperatiboak proposatzen ditu, eta horretan beharbada partekatze ekonomiak bere papera izan dezakeela uste du (http://tinyurl.com/smartcities-ivan-miro).
Aipatutako bi eremu horietan sar daitezkeen adibide interesgarriak ere badira, arrazoi ezberdinengatik. Hirien alorrean, herritarrek sortutako sentsore sare libreak proposatzen dituen Smart Citizen proiektua (https://goteo.org/project/smart-citizen-sensores-ciudadanos), edota, gertuago, Donostian sortutako Smart Kale (http://smartkalea.com) proiektu publikoa bezalakoak.
Partekatze ekonomiaren alorrean, asko dira zerbitzuak, gehienak gastuak partekatzeko enpresa bitartekariak: autoak (BlaBlaCar, http://blablacar.com), etxeak (Airbnb, http://airbnb.com), bisitak eta ekimenak (Trip4Real, http://trip4real.com), bazkari eta afariak (EatWith, http://eatwith.com). Interesgarriak bai, batzuk oso bereziak, baina denak aipatutako eskemetan sartzen dira.
Aldiz, pauso bat gehiago ematen duten adibideak ere badaude. Partekatze ekonomia baino, ekonomia partekatua deitu ahalko genieke: ez dira kontsumora bakarrik mugatzen, jabetza eta kontrola ere partekatua da, komuna, alegia. Horren barnean sartuko lirateke sortzen ari den kooperatiba irekien fenomenoa. Bi adibide, energia berriztagarria kontratatzeko Goiener (http://goiener.com) edota komunikazio zerbitzuak kontratatzeko Eticom (http://eticom.com), azpimarragarriak dira arlo honetan. Horiek eta beste batzuk ezagutzeko webgune interesgarria: http://mecambio.net.
Ikusiko ditugun marka berri horiek guztiak erabili behar ditugu? Ordezkatu? Esanahi berri bat eman? Alboratu? Ertz askotako eztabaida… Baina benetako aldaketa bat bilatzen duenak argi asko ikusiko du, helburua jendartea hobetzea bada, hasteko hobe dela ezagutzen ditugun eta soluzio erraza duten arazoak konpontze bidean jartzea.