Chromecast trantsizioa

2016-03-02 Bloga

Telebista ‘inteligente’ bat ez baduzu, tresna honek zure telebistari bigarren bizitza bat eskain diezaioke. Gero eta telebista gehiago dira Internetera konektatu eta bertako edukiak ikusteko aukera ematen dutenak. Aldiz, beste askok oraindik ez dute konexiorik; Chromecast bidez horixe da lor daitekeena.

Telebistaren HDMI sarrerara lotzen den USB gailu txiki bat da Chromecast delakoa. Konfiguratzen oso erraza da: gailua sartu, etxeko wifi sarea piztuta dagoela ordenagailu baten edo mugikor baten laguntzaz pauso batzuk jarraituta konfiguratuta izango duzu. Hortik aurrera, zure telefono mugikorra edota ordenagailua erabiliz edukia bidali ahal izango duzu pantailara.

Aukerak asko badira ere, oraindik mugak baditu; ordenagailutan Chrome nabigatzailea erabiltzea da gomendagarriena eta Android gailutan, aldiz, Chromecast aplikazioa. Aplikazio horren bidez, adibidez, Chromecastera edukia bidaltzeko aukera ematen duten beste aplikazio askoren zerrenda ikus dezakezu, ez baitira guztiak aukera hori eskaintzen dutenak.

Horien artean aurkituko dituzu noski ikus-entzunezko zerbitzu ohikoenak, nola ez Youtube, baina baita ere Netflix bezalako berriagoak ere. Oso era erosoan ordenagailutik edo mugikorretik kontrolatzeko moduan izango dituzu orain bertan ikusi nahi dituzun bideo, pelikula edo telesailak.

Zerbitzu horiek erabiltzen ez badituzu ere, badira p2p sareen bidez bideoak jaitsi eta aldi berean ikusteko aukera ematen duten tresnak ere. Popcorntime itxi zutenetik, ondorengo asko sortu dira, horietan interesgarriena stream.io: azpitituluekin momentuko serie eta film interesgarrienak jarraitzeko tresna paregabea.

Bukatzeko, jadanik gure ordenagailu edo mugikorrean ditugun bideoak ikusi nahi baditugu, badago tresna paregabea: Videostream (getvideostream.com) gehigarria. Chrome nabigatzaileari atxikitzen zaion gehigarri horrekin gure ordenagailuko edukiak bidali ahalko ditugu pantailara. Euskarazko azpitituluak baditugu, adibidez azpitituluak.com webgunetik jaitsiak, horiek ere bidal daitezke aldi berean. Oraindik ere errazago eta erosoago egiteko, gehigarriaren izen bera duen Android aplikazioa jaitsiz gero, mugikorra telemando bilakatuko dugu eta bertatik dena kontrolatzeko aukera izan.

Oso tresna sinplea, baina eraginkorra; pena Googleren beste garro bat ere badela, baina tira. Behintzat oraingoan prezioa ere merkea da, 39 euro bertsio berriena. Telebistak ere trantsizio fasean daude eta tresna horrek ondo betetzen du espazio hori.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan