2015-02-25 Bloga
Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx oso idazle aipatua dugu gure literatura soziolinguistikoan. Batez ere, bere Un futuro para nuestro pasado liburua. Urte askotxo pasa dira liburua argitaratu zenetik, eta egileak berak inoiz aitortu du liburuaren pasarte asko gaurkotu eta moldatu beharko liratekeela. Hizkuntzen ikaskuntzari buruzko pasarteek, ordea, balio dute haren iritziz.
Hiru ontzien eredu famatuaren bidez azaltzen du Txepetxek hizkuntzen ikaskuntza. Ezagutza, erabilera eta motibazioaren ontziak eta euren arteko fluxu eta jarioak. Naturala eta kulturala. Ontzi batetik bestera eta alderik aldeko mugimenduan, elkarri lotuta eta elkarri eragiten. Ume zein nagusitan kontrako ibilbidea izan arren. Garrantzitsuena, beti ere, ontzien arteko jarioa dela ahaztu barik.
Teoria gurean hitzez hitz onartua izan da orain dela gutxi arte. Jone Miren Hernandez izan da hiru ontzien eredua zalantzan jarri duen lehena. Bere ustez, hiru ontzi horiek zurrunegiak dira.
Berak nahiago du gaitasunak, praktikak eta emozioak erabiltzea, batez ere ontzi horiek malguagoak izan daitezkeela iradokiz. Gure errealitate konplexuari hobeto erantzuten diote ontzi berrituek, eguneroko poliedroa ulertu eta aldatu ahal izateko mamitsuagoa baita. Hobeto ulertzen dira horrela gurean gertatzen diren hainbat: euskaraz ederto aritu arren bere lana euskaraz egiteko zailtasuna dutenak, formalean ondo trebatuta egon arren informalean ezinean aritzen direnak…
25 urtetik gora joan dira eredu horren kanonizaziotik. Ordutik, ontzien arteko jarioa dogma gisa onartua izan da (kulturalean motibazio/emozioetatik ezagutza/gaitasunetara eta erabilera/praktiketara eta naturalean alderantziz). 2014. urtea iritsi arte. Moti+batu izeneko jardunaldien barruan, Pello Jauregik izen hau zuen berbaldia eman zuen: ‘Portaeratik jarrerara’. Bai, ondo aditu duzue: portaeratik jarrerara, hau da, erabileratik motibaziora, praktiketatik emozioetara.
Horregatik bakarrik, merezi du Jauregiren esanak gogora ekartzea, berritasunagatik bakarrik. Berriak ez ezik, esanguratsuak ere badira harenak. Laburbildu dezadan, beraz, berak han esandakoa.
Jauregik dio ezinezkoa dela hizkuntzarekiko kontzientzia herritar guztiengana zabaltzea, ezinezkoa dela herritar guztiak euskararen militante bihurtzea. Hala ere, beharrezkoa da nukleo bat izatea jokabide berriak urratuko dituena, hau da, praktika urratzaileak, berritzaileak izango dituena.
Jende ‘arrunta’ inguru sozialera egokitzen omen da. Gehienok egiten dugu egunero, mila aldiz, mila modutara, mila egoeratan eta mila lekutan. Hizkuntzari dagokionez, euskaldunok gehienetan erdaretara egokitzen gara. Baina jende ‘arruntaren’ egokitzeko joera naturala gure alde erabiltzen ikasi behar dugu euskaldunok; horretarako, mekanismoak asmatu behar ditugu, Jauregiren iritziz beti ere.
Mekanismo sozialak izan behar dira horiek guztiak. Hizkuntza-arauak sortu behar ditugu eta horiei babes soziala eman. Bere ustez, pertsona edo talde bat euskaraz aritzen hasten bada, inguruko jendea horretara egokituko da. Alegia, ez dira euskaraz hasiko motibazio altua dutelako, ez dira euskaraz hasiko militantziagatik. Normala hori da, eta besteok horretara egokituko gara, naturala hori delako.
Hau da, jokabidetik jarrerara, edo jokabidera joko dugu jarreratik pasa barik, zuzen eta artez. Eta gero guk geuk geure jarrera egokituko dugu portaera berrira.
Jokabide urratzaileak izango dituen nukleoa aipatzen du Jauregik. Txepetxek ere aipatu zuen nukleo sinboliko horrekin parekatzerik? Ez dakit, Jauregirena dimentsioz txikiagoa irudikatzen dut. Baina, tira… Nukleo hori ni askok osatuko dute, edo ni eta ni askok (Jamaikako rastafariek gu esateko ni eta ni adierazmoldea erabiltzen dute, polita bezain esanguratsua).