miren artetxe

Intelektual ezkertiarren neutralizazioa: Frantziako filosofiatik zenbait ikasbide

2017-05-11 Bloga

Europako ezkerrak bere lekua hain hutsik utzi du eszenatoki politikoan, ezen eskuin-muturrak hizkuntza ezkertiarra erabiltzen ikasi baitu. 2017ko martxoaren 20an, TF1 kateak antolatutako debate politikoaren barruan, Marine Le Pen hautagaiak hurrengoa bota zuen: «Il n’y a pas plus anti-écologique que le modèle du libre-échange total» («Ez dago hartu-eman libre erabatekoaren eredua baino ekologikoaren aurkakoagoa denik»). Esaldi labur batean ekologismoaren aldarrikapena, ekonomia global liberalari kritika eta zeharkako protekzionismo chauvinista batu zituen, trebezia osoz. Fronte Nazionala gai izan da bere estrategia aitzinatzeko, ezkerra bere mezua modu gardenean barreiatzera atrebitzen ez delarik. Nola irauli du eskuinak agertoki intelektual eta kulturala, ezkerraren indarra kasik desager dadin?

Lorratzen bat aurki dezakegu orain desklasifikatu den eta sarean dagoen dokumentu batean. France: Defection of the Leftist Intellectuals (Frantzia: intelektual ezkertiarren desertzioa) da USAko inteligentzia-zerbitzuak 1985eko azaroan prestaturiko txosten anonimoa, non CIAk desestaltzen duen zelan jorratu ziren zenbait faktore, François Mitterrand presidentearen menpean, marxismo eta komunismoaren aurka, ezkerreko ideiak eta egiturak deuseztatuz. Idazlan horretan agertzen diren Alain Touraine soziologoaren erranetan, garai hartan sozialismoaren epitafioa izkiriatu zen: «Gu ideologia sozialistatik askatzea izan da ezkerreko gobernuaren meritu nagusia».

Eskuarki zabaldutako topiko baten arabera, mundu intelektualak ez dauka garrantzi handirik, baina hori ez da txostenak dioskuna. Intelektualak («kazetariak, artistak, idazleak eta maistra-maisuak», bertzeak bertze) pisuzko zutabe bat izan dira giro politiko orotan: eraginkorrak izan dira jendarte baten erabaki eta eztabaidetan. USAmerikarren intelligentsiaren iritziz, Frantziako «ezkerreko intelektokraziak» bi bide erabili zituen horretarako: 1) erregimenaren kontrako idazki zorrotzak plazaratzeko egunkari eta argitalpen kritikoak, komunistek eta sozialistek finantzatuak; 2) unibertsitate eta bigarren mailako hezkuntzaren sindikalizazioa. Sistema hau desegiteko asmoz, Mitterrand presidentearen politikarekin zenbait neurri hartuko ziren (geroago arituko naiz neurri eta dinamika horietaz).

Bitartean, intelektual berri-berrien propaganda modan jarri zen, eskuinean zein ezkerrean. Ekite intelektualean «Eskuin Berria» piztuz, «eskuina versus ezkerra» ardatza desplazatu zen, eta «totalitarismoa versus askatasuna» izatera heldu zen, «Sobietar Batasunaren aldeko Jean Paul Sartreren etika gimnastikoaren aurka», txostenak dioenez. Eskuin Berri frantsesak liberalismo europar klasikoa berpizteari ekin zion, sozialisten «kudeaketa txarraren» kontrako elixir gisa. Molde honetan, liberalismoak gobernuaren rola murriztu, jendea nork bere burua aski izatera behartu eta gerlaondoko saminak gainditu zituen, asmo hirukoitza betez. Eskuin Berriaren ideien artean, gobernuaren funtzioa txikiagotzea oinarrizko eginkizuna izanen litzateke, bai zergak biltzean, bai despendioak kudeatzean zein zuzentzean (USAko inteligentzia-zerbitzua zenbait ordelari eskuindarrekin batzartu omen zen, gogoeta horiek ondorioztatuz). Ildo honetan ere kokatu zen Mitterrand presidentearen gobernuaren politika, administrazioa deszentralizatu nahian. Horrela, sozialista frantsesak dogma liberalen ideologia onartzen hasi ziren.

«Eskuin Berri» klasiko horren ernaberritzearekin batera, «Filosofo Berriak» ere sortu ziren, Bernard-Henry Lévy eta André Glucksmann buruan, sobietarren adiskidantzaren lokarriak apurtzeko grinaz beterik. Izan ere, filosofo horien zenbait lan gomendatzen dira txostenaren bukaeran:

  • La cuisinière et le mangeur d’hommes (Emakumezko sukaldaria eta gizon-irenslea). Estatua, marxismoa eta kontzentrazio-esparruak aztertu eta gero, Glucksmannen liburu honetan Sobietar Batasunaren historia ekonomiko eta politikoa kritikatzen zen gogor, USAko inteligentzia-zerbitzuaren aburuz.
  • Les maîtres penseurs (Maisu pentsalariak). Gluksmannen saio honetan XIX. mendeko filosofia alemaniarraren eragina miatzen zen, hala Alemaniako Estatuan, nola XX. mendean. «Nabarmenena: Marx eta Nietzsche bezalako filosofoen eta tirania modernoen arteko lotura».
  • La barbarie à visage humain (Giza aurpegiko basakeria). Bernard-Henri Lévyren testu honetan totalitarismo modernoaren sustraiak XVIII. mendeko Ilustrazioaren razionalismoan eta baikortasunean kokatu ziren, nondik jaioko baitzen Estatua, abantzamendu-eragile gisa. Rol horretatik Estatuak botere erabatekoa eskuratu zuen –Lévyk zioenez–, gizabanakoaren autoritatea andeatuz, CIAren azterketaren ustez.

Bertze bi auzi eskertu zizkien filosofo berri horiei espiontza-zerbitzuak. Alde batetik, Lévyren errana: «Mende honetako iraultza arraskatsu bakarra totalitarismoa da». Beste aldetik, Gluksmannek jendarteratutako ekuazioa: «Hitler = Stalin. Stalin = Hitler». Totalitarismoaren lanjerrak arbuiatzen ziren heinean, iraultza eta komunismoa neutralizatuak izan ziren, askatasun liberalaren izenean. Horrela, istilu handirik gabeko kontsentsu zuria lortu zuten.

Filosofo horiek komunikabideetan berritsuegiak izan arren, eginkizun zehatza konplitu zuten sozialdemokrata frantsesen erabakiak desbideratzeko orduan. 70eko hamarkadaren bukaeran sozialdemokratek taktika gisa «ezkerreko batasuna» hausnartu zutenean, filosofo berriek kritikatu zuten. 1980ean hauteskunde-batasun bera birjaio zenean, filosofo berriek alderdi sozialistatik desertatu zuten. Eta 1981ean Mitterrandek komunistak gobernuan parte har zezaten gonbidatu zituenean, filosofo horiek oposiziora pasatu ziren. Urte gutxitan etsai politiko amorratu bilakatu ziren.

Txostenean, Le Débat aldizkarian izandako elkarrizketa batetik hautatutako pasarte bat daukagu, non garbi zehazten zen nolakoa izan zen zenbait «ezkertiar berri» ospetsuren jarrera, Europan eta munduan «ezkerra» zedarritzerakoan. Kasu honetan Jorge Semprún idazle eta politikariaren esaldiak dira:

LD: Zer da egun Frantzian ezkerreko intelektuala izatea?

JS: Egun, pentsamendu ezkertiarraren froga-harria Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekiko jarrera kritikoa da, zeinaren korolarioetako bat Kominterni jarraitutako alderdiak [Frantziako Alderdi Komunista] arbuiatzea den… Ezinbesteko auzia ez da ez Pinocheten basakeria, ez Lorraineko burdingintza eraistea, ezta Reaganen birzabaltze inperiala ere. Auzirik behinena Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekiko jarrerarena da.

Nazismoaren sarraski-eremuetatik igaro ondoren, komunista ohi horrek primeran adierazten digu nola aldatu ziren «ezker» berriaren koordenatu politikoak eta borrokak: (Pinocheten) faxismoaren eta (Reaganen) inperialismoaren aurkako borroka Sobietar Batasunaren kontrako borrokan eraldatu zen. Halaber, ezkerreko borroka klasiko bat, langileriaren klase-borroka, baztertu zen (arestian aipaturiko pasartean, Lorraineko burdingintzari dagokion etorkizuna ezbaian laga zuen), liberalismo eta kapitalismoari ateak irekiz.

Hala eta guztiz ere, zenbait neurri aplikatu eta zenbait dinamika jazo ziren mundu intelektual eta ideologiko hartan ezkerreko indarra gal zedin, USAko intelligentsiaren berbetan:

  • Gazteen artean «lanbide intelektualek» nabarmen garrantzia galdu zuten enpresako karreren eta ikasketa teknikoen aurrean eta alde.
  • Funtzionario unibertsitario atzerakoi edo «ideologiarik gabekoak» nagusitu ziren zuzendaritza-batzordeetan, unibertsitatean (Parisko Unibertsitatean, kasu) hainbat eta hainbat ikasle eta irakasle gazte ezkerretik aldendu ziren bitartean.
  • Hamar urtez hezkuntza-erreformak –gazteak karrera tekniko eta enpresarialetan sarrarazteko diseinatuak– 70eko hamarkadan borrokatuak izan ziren, ikasle eta irakasleek gogor eginez. 1983ko udaberrian, Mitterrand presidenteak erreforma horiek hedatu gura izan zituenean, protestak nagusitu ziren.
  • Handik gutxira, istilu-sortzaile eta matxinatu horien anai-arreba txikienez bete ziren ekonomia-ikastaroak eta zientzia-kurtsoak, campus gorrienetan ere bai, Parisko Unibertsitatean bezala (unibertsitate horretan intelektual marxistaren moda gailena izan zen 70eko hamarkada amaitu arte).
  • Pittinka-pittinka karrera intelektualak gero eta elitistago bihurtu ziren, ikastetxe eta elkargoak antzinako tradiziora itzuliz. Laurent Fabius lehen ministroaren eskutik programa berria iragarri zuten, toki-gobernuetan, gobernu nazionalean eta zenbait enpresetan École Normale Supérieur edo Goi Mailako Arauzko Eskolako graduatu langabeek postuak eskura zitzaten.
  • Orobat sozialdemokrata frantsesek etorkin egoiliarrak behartu zituzten behe mailako irakaskuntza uztera, «frantziarrendako» lanpostuak libre gera zitezen, politika identitario-chauvinista zela medio.

Mekanismo ideologiko eta dinamika tekniko horiek haustura geldigaitza kausatu zuten ehundura sozial eta politikoan. Komunzki erraten da Frantziako Errepublikaren bizitza politiko eta kulturalean 68ko maiatzaren ondoren gaullismoa erraz inposatua izan zela, 80ko hamarkadan sozialdemokratek sustatutako erreforma eta kanpaina liberalak ohartzeke. Gaullismoa eta mitterrandismoa bat etorri ziren diseinatutako olatu-kolpe kontserbadore eta liberal horretan, modernitate likidoaren ozeano tekno-ekonomiko globala aurreratuz. Komunismoaren aurka jotzen hasi zen alderdi sozialista, baina amaieran lehiakide politikoa neutralizatzeko gurak bere kontra jo zuen, bumeran-efektu baten tankerara. Sozialisten alderdiaren gainbehera izan zen, isolaturik, Mitterrandek eskainitako ministerioari Michel Foucault pentsalariak uko egin zionean bezala.

Testu hau burutu baino lehen, zenbait behin-behineko ikasbide iradoki nahi nituzke, ozeano hegemoniko honetan sorrarazitako aparra baizik ez direnak:

  • Kontu handia izan modekin kulturan, pentsamenduan, politikan eta filosofian. Deigarriena ez da sakonena izaten beti.
  • Askatasuna aldarrikatzeko orduan, oinarri material eta historikoa beharrezkoa zaigu, hala teorian, nola praktikan.
  • Ez dago elkarrekiko praktikarik teoriarik gabe: zenbat eta ekite zabalagoa izan, orduan eta teoria konplexuagoa eta zehatzagoa. Sinplekeriak ez dira lasterbide onak, ezta estrategiarik zuzenenak ere.
  • Kulturaren zirkuitu politikoan denak axola du: komunikabideek, aldizkariek, unibertsitateek, artelanek, eztabaidek, idazlanek…
  • Gerra kultural deitutakoak ez dira adierazle huts berriak: uste baino errotuagoak eta materialagoak izan eta izaten dira.
  • Borroka bakarra ez izan arren, klase-borroka ez da nehoiz hil, ez munduan, ez Europan. Joan den mendean bizirik zegoen, egun ere bai.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan