Gora joan
Menua
2015-05-07

Bernart Etxepare eta Ismael Larrea. Edo Sarrionandia, Unai Iturriagaren begirada pean. Izpegiko gainean, elkartu ditu, 400 urteko itxaronaldiaren ondoren, Etxepare eta Ismael Larrea moroa (Sarrionandiaren alter egoa) Kontrazaleko artikulu grafikoan.

2015-05-06

Joxe Azurmendi eta Joseba Sarrionandia. Edo Sarrionandia, Azurmendiren begirada pean. Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean?  liburuan barrena nazioaren kontzeptuaren bila ibili da Azurmendi, eta horretarako berak berriki idatzitako Renan filosofoaren “nazio kontzeptuaren gezur interesatuaren” gaineko saiakera hartu du makulutzat, Sarrionandiaren nazioaren egia argira ateratzeko.

Euskarazko ikerketa eta irakaskuntza unibertsitatean zertan aldatu den azaltzen dute ondorengo bi artikuluek. Ane Larrinagak eta Mila Amurriok unibertsitatearen nazioartekotzeak euskararen hautuan eragina izan duela azaltzen dute. Eta, Karmele Artetxek euskarazko ikerketa bigarren mailakotzat hartzen dela ondorioztatu du.

Bukatzeko, Egunen gurpilean atalean, Nagore Amondarainek artearen elikaduraz idatzi du, Henrike Galarzak TTIP nazioarteko merkataritza hitzarmena hartu du aztergai, Txerra Rodriguezek azkenaldiko ikerketa eta mapa soziolinguistikoei bota die begirada, eta Gorka Juliok euskara eta teknologia uztartzeko dekalogo bat osatu du.

2015-02-25

Berrikuntzarekin hasi du urtea Jakin aldizkariak. Hiru fitxaje berri ditugu: Txerra Rodriguez, Henrike Galarza eta Unai Iturriaga. Hirurek, hemendik aurrera, artikulu bana ekarriko digute, Rodriguezek soziolinguistika alorra jorratuko du, Henirke Galarzak ekonomia, eta Unai Iturriagak, librean, artikulua ‘marraztu’ egingo digu aldizkariaren kontrazalean.

Gai nagusi gisa, Kepa Enbeitaren historia bizia dakar 2015eko lehen zenbaki honek, haren ahotik ekarri ere, elkarrizketa luze bat egin baitiogu. Urretxindorraren biloba eta Balendin Enbeitaren seme zaharrena, Kepa Enbeita, erresistente bat da, eta bere ahotik Euskal Herriko azken bost hamarkadetako historia aletu daiteke. Ez bakarrik historia kolektiboaren ondorio delako, baizik eta, eta bereziki historia horretan bera eragile izan delako.

2015-01-15

Euskal kultura 2014an zertan izan den azaltzen digute hamar diziplina desberdinetako hamar artikulugilek.  Harkaitz Cano idazleak azterketa sakon eta luzea egin du 'Bide bakarra eta beste zenbait bide' tituluko artikuluan. Ondotik, Danele Sarriugarte, Iñigo Astiz, Nora Arbelbide, Alberto Barandiaran, Garazi Arrula Ruiz, Antton Iturbe, Haizea Barcenilla, Koldo Almandoz eta Iñaki Etxelekuren idatziak datoz.

2013ko euskal liburugintzaren azterketa dator ondoren, urtero legez, Joan Mari Torrealdaik egin duena. Eta, bukatzeko, 2011tik 2013ra digitalizatu denaren berri ematen dute Gerardo Luzuriagak eta Roberto Kerexetak.

2015-01-15

Txillardegi idazle eta ekintzaile nekaezina izan zen. Mila idazlanetik gora, 22.000 orrialde, 60 milioi karaktere inguru idatzi zituen. Argitara emandako liburu, arkikulu eta idazlan guztiak digitalizatu eta osotasunezko copus baten barean edonoren esku, doan eta libre, jarriko dira Jakin Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu duten lankidetzarako hitzarmenari esker.

 

2014-11-18

Zergatik eta zertarako euskaldun?

1967ko urtarrilean, Zeruko Argia astekarian, Joxe Azurmendik galdera hauxe planteatu zuen Alemaniatik idatzitako artikulu batean: «Zergatik eta zertarako euskaldun?». Istilu galanta sortu zuen, erantzun andana ere bai hurrengo hilabeteetan. Unamuniano, barojiano, españolista, traidore, erreazionario, burjes... denetik irakurri behar izan zuen Azurmendik. Soka luzea ekarri zuen, eta besteak beste, Joseba Intxaustik, Juan San Martinek, Julen Kalzadak, Imanol Laspiurrek, Paulo Iztuetak, Gabriel Arestik. Xabier Letek eta Rikardo Arregik hartu zuten parte.

Azken buruan, Azurmendiren ustez, euskaldun izateko ez da nahikoa euskaldun jaiotzea. Ekintza, ahalegina, lana, ezinbestekoak dira. Kontzientzia. Eta justizia gosea.

Ez al da hau gaur egun bizirik dagoen eztabaida bat?

Gogoeta atalean, eskura daude orduko idatzi guztiak, norberak ikus eta azter ditzan.

 

Unamuno 1864-2014. Euskararen eta abertzaletasunaren aurkako antidotoa

2014ko irailaren 29an bete ziren 150 urte Miguel Unamuno pentsalari eta idazlea (Bilbo, 1864 - Salamanca, 1936) jaio zela. Euskararen pizkundearen eta euskal abertzaletasunaren etsai gogorra izanagatik, itzal handia izan zuen Unamunok frankismoaren urteetan euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna biziberritzen aritu ziren idazle eta intelektualen artean. Salbatore Mitxelena, Txillardegi, Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Joxe Azurmendi...