Gora joan
Menua
2016-11-10

Zer gertatuko litzateke nazio kulturalki beregaina praktikan jarriko bagenu? Ez ote da euskal kulturgintza horretan saiatzen ari azken hamarkada luzeetan? Ze diskurtso eta ze praktika behar dira horrela jarduteko? Ze kultur politika, ze kultur eredu, ze azpiegitura, ze elkarlan sustatze da komenigarri?

Honetaz guztiaz ari dira Ibai Iztueta, Haizea Barcenilla, Hedoi Etxarte, Eider Rodriguez eta Maika Etxekopar alde batetik; eta, bestetik, Ane Rodriguez (Tabakalera), Leire Lopez Ziluaga eta Oier Plaza (Astra), Izaro Zinkunegi (Azpeitiko Kultur Mahaia), Nerea Fillat (Katakrak), Pauline Guelle (Euskal Herria Zuzenean), Gaizka Amondarain (Hala Bedi Irratia) eta Nora Aurrekoetxea, Izaro Ieregi eta Irati Urrestarazu (Okela Sormen Lantegia).

2016-05-19

Joxe Azurmendik Gizabere kooperatiboaz liburua aurkeztu du, eta berori da 'Jakin Irakurgaiak' sailaren azken emaitza. Liburu honetan gizaberearen gogartera itzultzen da berriro Azurmendi. Darwinek gizatasuna zertan datzan birpentsatzeko ataza utzi zuen jarauntsian. Nondik dator andre-gizona bertuteak dauzkan aberetxoa izatea? Tradizioa eta erlijioa laga eta, zeintzuk dira bertute horiek? Gure funtsenean, lagunkoi eta kooperatzaileak gara ala berkoi berekoiak? Kapitalismoa ala sozialismoa da gizakiaren naturalago? Norgehiagoka ala kooperazioa?

Joxe Azurmendiren Gizabere kooperatiboaz liburuaren aurkezpena
Joxe Azurmendi eta Lorea Agirre
Koldo Mitxelena Kulturunea, 2016-05-18

2016-05-18

Kulturgintza norabidearen atakan dagoela ondorioztatu daiteke Jakinek iazko Durangoko Azokan, lau egunez, antolatu zuen ‘Gogoetaren plaza’ jardunaldietan esandakotik. Saioak hasieratik bukaerara gurutzatu zituzten bi gai nagusiei buruz esandakoak biltzen ditu zenbaki berriak: euskal kulturarentzako hitzarmen bat negoziatu eta adosteko beharraren ideia, eta euskal kulturaren ikusezintasunaren auzia. Oro har, kultur estrategia bateratu baten premiaz eta ikusgarritasunaren erronkaz jardun zuten bertarako ziren kulturgintzako 22 arituk eta adituk.

 

2016-03-04

Kristianek Etxaluz Etxegarai kultur eta politika ekintzailearen bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariak egin dion elkarrizketak: haurtzaroa Domintxainen; ikasketak herrian eta Baionan, Bordelen eta Tolosan; euskaldun kontzientzia hartzea nerabezaroan; Hegoaldeko lehen errefuxiatuekin harremanak; Enbata mugimenduan eta ETAn parte hartzea, formakuntza politikoa eta lehenengo atxiloaldia 1965ean; aktore ibilbidea antzerkian, 1960ko hamarkadako lehen antzezlanetatik gaur egun arte; zientzia biologiko eta kazetaritzako unibertsitate ikasketak Parisen; borroka politiko, borroka armatu eta borroka feministarekiko konpromisoak eta gorabeherak; baserriko lanak eta Aski erakunde klandestinoaren fronte kulturaleko jarduna; 1978tik aurrera euskal errefuxiatuen aldeko lana Ekinen; Alfonso Etxegarai errefuxiatu eta deportatuarekin elkarbizitza Sao Tome eta Euskal Herriaren artean; torturatuak artatzeko Abegi Fundazioaren egitasmoa...