Gora joan
Menua

“Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan” proiektuak irabazi du Martin Ugalde beka

Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza, Zuriñe Maguregi Sanchezek aurkeztu dute proiektua

2019-11-10

Martin Ugalde bekari esker, euskal hedabideek Euskal Herria nola irudikatzen eta izendatzen duten aztertuko dute Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza eta Zuriñe Maguregi Sanchez Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko kideek. “Izan ala ez izen? Herriaren irudikapena euskal hedabideetan” euren proiektua saritu baitu epaimahaiak, aurtengo deialdiaren helburuekin bete-betean zetorrelako.

Hiru ardatz izango ditu lanak. Batetik, Euskal Herriaren irudikapenaren eta tratamenduaren argazkia osatuko dute mapak, terminoak, grafikoak nahiz datuak aztertuz. Bestetik, erabilera horren atzean dauden arrazoiak aletzen ahaleginduko dira kazetariekin izandako elkarrizketen bidez. Eta, azkenik, egoera horren aurrean aterabideak proposatuko dituzte. Horretarako, bost hedabide hartuko dituzte lagin moduan: Berria, ETB1, Euskadi Irratia, Euskal Irratiak eta Euskalerria Irratia.

8.000 euroko saria jasoko dute azterketa egin ahal izateko, eta emaitza idatziz aurkeztuko dute urtebete barru.

Berria Fundazioak, Martin Ugalde Kultur Parkeak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak antolatzen dute beka, bi urtean behin, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.

Mariano Ferrerren gogoetak Jakinen

Kazetari donostiarra Jakinen kolaboratzaile finko izan zen 90eko hamarkada hasieran

2019-07-15

«Komunikabideak askoz haratago doaz gaur egun: ustez deskribatzera edo aztertzera mugatzen diren errealitate horren elementu baldintzatzailea dira. Errealitatearen bilakaera aldaraz dezakete, haren izaera alda dezakete. Berez inoiz gertatuko ez zatekeen zerbait sortarazi ere egin dezakete». Mariano Ferrer kazetari eta adierazpen askatasunaren ekintzailearen hitzak dira, 1994an Jakinen idatzitakoak ‘Komunikabideak erakundeen gatibu’ artikuluan. Bizi osoan zehar izan zituen kezka eta borrokak ardazten zituen bertan. «Gaur egun komunikabideak dira, hiria, osasuna, hezkuntza edo ekologiaren maila berean, arazo garaikide handietako bat».

2019-07-12

60 entzule baino gehiagorekin, 'Maitasuna politikoa da' Jakin Jardunaldia egin genuen Usurbilen uztailaren 11n eta 12an Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak antolatuta. Hitzaldiak ikusgai daude Berria TBri esker, honako hizlariekin: Lorea Agirre Dorronsoro, Jone Arrazola Maiztegi, Mari Luz Esteban Galarza, Oihane Ruiz Menéndez, Jone Miner Aginaga, Ula Iruretagoiena Busturia, Leire Milikua Larramendi, Abaraska kolektiboa eta Nora Salbotx Alegria. 

«Euskal rapa ikertu behar da», Eric Ditxarri

Azken hamarkadetako isla izan arren, euskal rapak ikertu gabe jarraitzen duela dio Ditxarri antropologo eta artistak

2019-07-09
,

Euskal rapak abestu dituen gaiak ez dira batere neutroak izan, eta baliteke hori izatea orain arte unibertsitatean gutxi ikertu izanaren arrazoietako bat. Hala dio Eric Ditxarri antropologo, artista eta komisarioak Jakinen 232. zenbakian. Ez da arrazoi bakarra, baina. Arrazoi posible horien tiraka idatzi du euskal rapaz artikulua Ditxarrik, gero eta raplari gehiago baitaude euskal musikagintzan.

Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedra EHUn

Joxe Azurmendi filosofoaren eta bere belaunaldi kideen lanean sakontzeko katedra sortu du EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin

2019-07-05

Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedraren Proiektua sortu, garatu eta sostengatzeko hitzarmena sinatu dute EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak koordinatuta, Joxe Azurmendi filosofoaren lana eta pentsamendua ez ezik, 1956ko belaunaldia deitutakoa osatu zuten beste pertsonenak ere ikertu eta zabaltzeko balioko du.

ZUZENEAN: 'Maitasuna politikoa da' Jakin Jardunaldia

'Maitasuna politikoa da' Jakin Jardunaldia uztailaren 11n eta 12an Usurbilen antropologo, arkitekto eta hezkuntza adituekin

2019-07-01

'Maitasuna politikoa da' Jakin Jardunaldiak maitasunaren ideologiak gure buruak, gure harremanak eta gure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertuko du. Horretarako, antropologoak, arkitektoak eta hezkuntza arloko adituak elkartuko ditu Usurbilen, uztailaren 11n eta 12an, Jakin, UEU eta Usurbilgo Udalaren elkarlanari esker. 60 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte.