Gizarte mugimenduen elkargune berriak lantzen ditu zenbakiak, UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatutako Jakin Jardunaldiak abiapuntu hartuta.
Gizarte mugimenduen elkargune berriak lantzen ditu zenbakiak, UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatutako Jakin Jardunaldiak abiapuntu hartuta.
Metrokoadroka kolektiboaren Artxibo biluzia proiektuak eskuratu zuen lehen Joan Mari Torrealdai beka iaz eta ikerketa eszenikoan murgilduta aritu ostean, jendaurrean aurkeztuko dute orain arteko lanak emana urriaren 22an, Usurbilgo Sutegiko auditoriumean. 18:00etan izango da emanaldia eta jarraian ikusleek aukera izango dute proiektuko kideekin hitz egiteko. Sarrerak gonbidapen bidez eskuratu ahalko dira.
Joseba Intxausti hil berriaren ekarpen zabala izan du gogoan Paulo Agirrebaltzateki kide eta lagunak. Elkarrekin bizitakoak eta elkarri irakurriak testuinguruan kokatu eta Intxaustiren lanak ekarri diguna ulertzeko bide da Euskadi Irratiko zein Radio Euskadiko Jakinguneetan egindako erreportajea.
Euskadi Irratikoa entzun
Radio Euskadikoa entzun
Eskuragarri da Joxe Azurmendi filosofo eta idazlearen azken liburua: Europa bezain zaharra. Topoi nazional eta nazionalistak Erdi Aroa eta Ernazimentua ezkero. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak agertu moduan, «nazionalismo europarren sustrai kulturalak» arakatu eta aztertzen ditu testuak. Liburua apailatzeaz eta hitzaurreaz arduratu den Haritz Azurmendi kideak, «ariketa humanista» gisa deskribatu du, «oraintxe katedral gotikoetako arkitekturaz, gero Shakespeareren lanak umorez eta ironiaz iruzkinduz, hurrena antzinako izkribu batek Errenazimentura eta handik aurrera egindako bidea kontatuz… dena grazia eta pasio».
Joseba Intxausti jakinkidea bart hil da 87 urte zituela, Donostian. 56ko belaunaldia deituko kidea bera, Jakin Taldean egin du bere ekarpenaren zati handiena Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera. Izan ere, Intxausti bidegile bat izan da. Helburuak markatu, egitasmoak begitandu, egitarauak diseinatu, plangintza egin, finantzaketa bilatu, ekipoak osatu eta martxan jarri. Horrela egin du Jakin Taldean, euskara batuaren borrokan, Eusenor, UZEI eta Joanes Etxeberri egitasmoetan, euskal elizaren eta erlijioen ikerketan, Arantzazuren historia eta ekarpenaren dokumentazio lanean, Bidegileak bilduman eta beste hainbestetan. Horregatik egin du euskalgintzan berebiziko garrantzia izan duten hainbat egitasmotan sortzaile eta gidari lana. Aurrera begira egin du lan. Baina beti atzekoa ikertuz eta ekarriz.
Bidea nonbaiten hasten da beti. Joseba Intxaustirena jaiotetxean hasi zen. Ama, Dolores Rekondo Mujika, justu erreketeak herrian sartu eta handik bost egunera erditu zen Josebaz eta anaia bikiaz. “Nire ama, emakumeek garai hartan izaten zuten militantzia apalarekin, euskal gauzetan sartuta zebilen”, gogora ekarri zuen 2018an egin nion elkarrizketan. Hark irakatsi zion euskaraz idazten eta abertzale izaten. Joxe Azurmendik beti gogoratzen du bien arteko abiaburuko diferentzia: Intxausti ‘emakume’ baten semea izan. Bizitzan gauza batzuk eginda ematen zaizkigula zioen: “Errepublikako goraldi abertzalearen oihartzun atzeratua jaso ahal izan nuen. Horregatik banekien non egon behar nuen, niri tokatzen zitzaidan tokia zein zen, eta, beraz, Euskal Herri bat bazegoela. Banekien nik maite nuen horren kontrako jendea bazegoela, munduan eta baita gure herrian bertan ere”. Horra Intxaustiren sehaska. Eta bidean atzera begira jarrita, berriz, honakoa: ”Saiatu naiz beti lan egiten. Baina gozatu egin dut. Beti libertatetik goazela, itxaropenezko humanismo aske eta arduratu batean, bizikidetza aberastuz eta etorkizuna argituz ahal bada”.