Asteazkena, 2024ko uztailak 17
Gora joan

Soziolinguistika

Jaime Altuna Ramirez
Jaime Altuna Ramirez

Urteetan haur eta gazteen heziketan lan egin ondoren, antropologian murgilduta nabil. Agian, Atapuerca mendilerroan hazi zen amonak eta Ataungo amonaren abizenak zerikusia izan dute ibilbide berri honetan. EHUn Antropologia Feminista Ikerketa Taldean nabil, ikasten eta baita ikasitakoa desikasten ere. Egunen gurpilean nire izena agertuko bada ere, gaizki esanak nireak dira, ondo esanak kolektiboak.

Kukutik kukura

Iturria: Eguzki

Udaberria

Alpargatak eta zapatak urratu asmorik gabe abiatu gara Larrauldik. Tontorrerako bidean, kukuaren kantu ozenak negua atzean geratu dela adierazi digu. Apirilaren bigarren eguna da. Aurtengoan, beraz, kukua puntual etorri da eta txiolari euskaldunak kukuak jo diela zabaltzen hasiak dira: balio al du dirua motxilan edukitzeak? Txanponak eskuineko ala ezkerreko zorroan eraman behar dira? Kreditu txartelarekin efektu bera al du?

Martxoaren 25etik ekainaren 29ra. Data horietan zehar ibiliko naiz hurrengo lerroetan, udaberria deitzen zaion garaiaren kronika ekosoziolinguistiko moduko bat josi nahian.

Aspalditik dator kukuaren lehen kantuari erreparatzeko ohitura. Izan ere, garai batean uda eta negua ziren bereizten ziren bi urtaro nagusiak, eta batetik bestera trantsizioan baziren mugarritzat hartzen ziren zenbait data. Horietako bat Ama Birjina Martxoko eguna zen, eta egun horretatik aurrera kukuaren kantuari adi egoten ziren, hark adierazten baitzuen negu garaia amaitzen ari zela eta lur soroak esnatzen hasiak zirela.

Kukuak ez jotzea etorkizun makurraren seinalea zen: uda berririk ez. Kukua denboraren ikur. Bizitza berriaren pregoilari. Udaberriarekin batera etortzen da eta udaberri amaieran isiltzen da.

Kukutik kukura. Ama Birjina Martxoko egunetik San Pedro egunera. Edo, razionalago azaltzea nahiago baduzue, martxoaren 25etik ekainaren 29ra. Data horietan zehar ibiliko naiz hurrengo lerroetan, udaberria deitzen zaion garaiaren kronika ekosoziolinguistiko moduko bat josi nahian.

Kantatzen ez dakien txoria

Kukuak ez kantatzeak udaberririk ez etortzea esan nahi zuen. Natura zoratzea. Bizitzaren zikloa aldatzea. Aurten, ekosistemaren aldaketa horietako bat erakusten duen notizia batekin esnatu gara udaberriko lehen egunetan. Euskadi Irratiko esatariak kantatzen ikasten ez duen txori espeziearen berri eman digu. Ross Crates eta Naomi Langmore ikertzaileek Australiako ezti-txoriaren (Anthochaera phrygia) inguruko ikerketa egin dute, eta txori mota horren populazioa murrizten ari dela ikusi dute. Hori bere horretan ez litzateke notizia, zoritxarrez galzorian dauden espezieak asko direlako, baina ezti-txoriaren kasuak badu bitxia egiten duen zerbait.

Ahots-kulturaren galerak ezti-txoriaren galzoria ekarri dezakeela, eta aspaldiko leloarekin gogoratu naiz: «Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko». Hala da, baina, Australiako ezti-txoriarekin gertatzen ari dena aintzat hartzen badugu, bizirik jarraitzeko, abestea bezain garrantzitsua da kantaera mantentzea.

Ikertzaileek ikusi dute espezie horretako txori gazte askok ez dutela ondo kantatzen: behar bezain konplexua den kanturik ez dute egiten edo beste espezie batzuen kantaera dute. Horrek ugalketan ondorioak ditu, kanta atipikoak kantatzen dituzten txori horiek aukera gutxiago baitute ugalketarako, eta, ondorioz, populazioaren jaitsiera gertatzen da. Gainera, populazio murrizte horrek kantaera egokiaren ikasketa prozesua zailtzen die txori gazteei. Ikerketan ondorioztatu dute ahots-kulturaren galerak ezti-txoriaren galzoria ekarri dezakeela, eta aspaldiko leloarekin gogoratu naiz: «Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko». Hala da, baina, Australiako ezti-txoriarekin gertatzen ari dena aintzat hartzen badugu, bizirik jarraitzeko, abestea bezain garrantzitsua da kantaera mantentzea.

Euskarianen basoa

Kuku txitak gure basoetako txantxangorri edo kaskabeltzen habietan handitzen ari diren egunetan, natura eta euskara lotzen dituen artikulu iradokitzaile baten berri jaso dugu. Dylan Inglis eta Unai Pascual ikertzaileek ‘On the links between nature’s values and language’ (Naturaren eta hizkuntzaren balioen arteko loturei buruz) izenburua duen artikulua argitaratu dute People and Nature aldizkari zientifikoan, eta Pascualek ikerketa azaldu du Elhuyar aldizkarian egin dioten elkarrizketan.

Euskarian perspektibak, bereziki azpimarratzen du tokiko basoen eta euskal kultura eta hizkuntzaren arteko harremanen garrantzia. Perspektiba horren baitan, harreman-balioen garrantzia agerian geratzen dela uste du Pascualek

Aezkoa, Garazi, Zaraitzu eta Zuberoako ibarretako hainbat lagunekin egindako elkarrizketa eta talde eztabaiden bidez ikusi nahi izan dute ea perfil soziolinguistikoek harremanik ba ote duten natura balioztatzeko moduarekin. Horri begira, naturaren balioak hiru multzotan bereizi dituzte. Batetik, balio instrumentalak eta horiei lotutako diskurtsoa dugu, «naturak gizarterako edo pertsonentzako sortzen dituen baliabideez hitz egiten duena, ekonomiaren filtrotik pasata (lanpostuak sor ditzakeela, turismoa sustatu...)». Bestetik, biologiatik datorren diskurtsoari lotutako balio intrintsekoak ditugu, naturak berez duen balioa azpimarratzen dutenak eta «natura zaintzeko erantzukizun-sentsazio handi baten eskutik» datozenak. Azkenik, naturarekin dauzkagun harreman emozionalekin lotutako balioak daude: harreman-balioak.

Ikerketan basoa hartu dute eredu gisa, eta horrekiko aipatzen diren balio guztiak aztertu dituzte: instrumentalak, intrintsekoak eta harreman-balioak. Ikusi dute hiru perspektiba nagusi azaltzen direla, eta pertsona bakoitzean maila desberdinean ageri direla. Lehen perspektiba Zaintzaileena litzateke. Bertako basoa ondo ustiatzeko beharra eta ardura azpimarratzen dute, garrantzi ekologiko eta sozial handia duelako komunitaterako eta hurrengo belaunaldientzako. Ikuspegi hori laburbiltzen duen esaldi bat honako hau litzateke: «Lehentasuna basoa zaintzea da, gero [bigarrena] basoaz bizitzea».

Topatutako bigarren perspektiba nagusia Eudaimonia izendatu dute. Ikuspegi horrekin bat egiten dutenentzat, basoa oinarrizko elementua da euren bizitzetan. Balio hori honelako esaldiekin adierazten dute: «[Basoaren] parte banintz bezalakoa da... sentimendu sinestezina», edo «Basoa nire energia da».

Hirugarren ikuspegiak, Euskarian perspektibak, bereziki azpimarratzen du tokiko basoen eta euskal kultura eta hizkuntzaren arteko harremanen garrantzia. Perspektiba horren baitan, harreman-balioen garrantzia agerian geratzen dela uste du Pascualek:

Ikuspegi hau azaleratu duten pertsonek bizi diren tokiarekiko atxikimendu indartsua dute, kultur identitatearekin oso erlazionatuta dagoena; eta basoarekiko balio harreman-mota hauek, euskararekin dute zerikusia. Alde batetik, ezin dute bereizi bertako basoa eta natura, bere kultur identitatetik eta tokian tokiko haien atxikimendutik. Eta euskara bitartekari bat da guzti horretan, euskarak baldintzatzen du tokian tokiko atxikimendua, kultur identitatea eta naturarekiko atxikimendu hori.

Berria egunkarian ikerketari buruz egindako erreportajean, Inglisen ondorioak jaso dituzte. Bristolgo Unibertsitateko ikertzailearen ustez, naturaren balioen eta euskararen artean lotura bat dagoela frogatu dute, eta hori bi noranzkotan gauzatzen da. Batetik, euskara garrantzitsua da naturaz gozatzeko: «Jende multzo honek esan zigun basoaz euskarazko leku izenen bidez disfrutatzea oso garrantzitsua zela». Eta, bestetik, aztertutako eskualdeetan natura garrantzitsua da euskal nortasunarentzako.

Aroztegia

Gatazkatsuak diren adibide asko izan ditugu eta ditugu euskal lurretan, eta udaberri honetan Baztan bihurtu zaigu horrelako auzi baten epizentroa. Lekarozen turistentzako 228 etxebizitza, golf zelaia eta luxuzko hotela eraikitzeko Aroztegia izeneko proiektu urbanistikoaren obrak hasi bezain pronto, bertan behera utzi behar izan dituzte.

Ekologia tartean dagoen eztabaidetan, etengabeko dikotomia bat sortzen da balio instrumental eta intrintsekoen artean. Halakoetan harreman-balioak ere ekuazioan sartzea komeni dela uste du Unai Pascualek, hau da, naturarekin dauzkagun harreman emozionalak beharrezkoak direla auzi horiek ulertzeko eta gainditzeko.

Gatazkatsuak diren adibide asko izan ditugu eta ditugu euskal lurretan, eta udaberri honetan Baztan bihurtu zaigu horrelako auzi baten epizentroa. Lekarozen turistentzako 228 etxebizitza, golf zelaia eta luxuzko hotela eraikitzeko Aroztegia izeneko proiektu urbanistikoaren obrak hasi bezain pronto, bertan behera utzi behar izan dituzte. Apirilaren erdialdean herritar talde bat hondeamakinen aurrean paratu zen. Bi astez akanpatuta egon ziren bertan, makroproiektu urbanistikoa eraikitzeko makinak eraman zituzten arte.

Euskal Pirinioetan Pascualek eta Inglisek naturari atxikitzen zaizkien harreman-balioek euskararekiko harreman emozionalarekin zerikusia dutela ikusi dute, eta jasotako datuetan nabarmendu dute euskararen eta naturaren arteko lotura gehien egin dutenak hegoaldeko ibarretako gazteak izan direla.

Aroztegikoa aspalditik datorren eztabaida da, eta balio instrumentalak zein intrintsekoak oso argi ageri dira erabili izan diren argudioetan. Duela bost urte Erran.eus agerkari digitalak jaso zituen Baztango udal ordezkarien iritziak horren isla dira. Hona instrumentalizazioaren diskurtsoaren adibide batzuk: «Lanpostuak sortuko ditu, bai proiektua martxan dagoenean eta baita eraikuntza prozesua gauzatu bitartean. Honek Baztandarrei aukerak irekitzen dizkie, bertan lan egin eta bizitzeko»; «Industria aski garbia da eta gure ingurumenarendako egokia»; «Landa-eremu bati balioa emanen dion proiektua da»; «Bidaia-agentzia aunitzetan Baztan lehentasunezko helmuga bihurtuko da». Eta hona hemen balio intrintsekoekin lotu daitezkeen argudio batzuk: «Lur emankorrak artifizializatzen ditu, lur-azpiko urak alferrik erabiltzen eta kutsatzen, mugikortasun motorizatua handitzen»; «Ez dugu guk gure arbasoengandik mundua heredatu, baizik eta maileguan edo prestatuta hartzen ari gara gure seme-alabentzako. Hau horrela izanik Aroztegiko proiektuko urbanizazioak topo egiten du jasangarritasunarekin».

Ez ditut harreman-balioak adierazten dituzten argudioak topatu, baina azken asteetan izan dira euskararen aldagaia ekuazioan sartu dutenak. Euskal Herrian Euskaraz erakundeak «Euskarak herria eta lurra behar ditu, proiektu txikitzailerik ez! Aroztegia gelditu» leloa duen afixa zabaldu du, eta Jon Alonsok eta Txerra Rodriguezek artikulu bana idatzi dute Argia aldizkarian. Honela amaitu du Rodriguezek:

2021. urtea, Lekaroz, Baztan. Aroztegia izeneko hirigintza proiektu basatia martxan jarri nahi dute. Luxuzko etxebizitzak, hotela eta golf zelaia [...] Eta inork gutxik egiten du berba horrek izan dezakeen inpaktu linguistikoaz (bestelako inpaktuez gain, jakina). Eta, bitartean, lurraren defentsan, herritarrak [...] Historiaren orrialde hau ez dago oraindik idatzia eta, hein batean, gure esku dago. Muina lurra eta euskara dela ahaztu barik. Orduan eta orain eta gero. Lurra eta hiztunok.

Euskal Pirinioetan Pascualek eta Inglisek naturari atxikitzen zaizkien harreman-balioek euskararekiko harreman emozionalarekin zerikusia dutela ikusi dute, eta jasotako datuetan nabarmendu dute euskararen eta naturaren arteko lotura gehien egin dutenak hegoaldeko ibarretako gazteak izan direla. Aroztegia proiektuaren aurka ere gazteak ikusi ditugu, eta Elurre Iriartek ‘Ikastaro trinkoa Aroztekin’ artikuluan kontatu du kanpaldian euskara hutsean funtzionatu dutela, euskara erdigunean paratu dutela. Pascualen ustez, hizkuntza minorizatuen defentsa eta atxikimendua instrumentu ahaltsuak izan daitezke planetaren jasangarritasunerako. Hizkuntzaren aldagaia ekuazioan sartzeko garaia da, beraz.

Babesten gaituen lekua

Larrialdi klimatikoaren aurrean eta hizkuntzen desagerpenaren aurrean, estatu elebakar neoliberalek ez gaituzte babestuko. Argi ikusi dugu hori aurtengo udaberrian Madril eta Parisen menpe dauden epaitegiek erabakitakoekin: Bidasoko alde batean, eskolan euskara ikastea konstituzioaren kontrakoa dela esan digute; beste aldean, herritarren zerbitzura lana egiteko euskara eskatzea legearen aurkakoa dela.

Ama Birjina Martxoko eguna baino lehen irten zen Rocio Basterra del Valle Iturria argentinarra Viedma herritik. Kukuak bezala, garaiz iritsi behar zuen Euskal Herrira, eta, erraza izan ez bazen ere, apirilaren 8an Baionako Etxepare Lizeora ekarri zuen Bizi gira... kutxa bira! ekimenaren kutxa. Patagoniatik Baionara eta Baionatik Euskal Herriko 70 bat herritatik igaro da, Segurara maiatzaren 30ean iritsi arte. Rocio Basterrari euskara zer den galdetu diote Kazeta hedabidean: «Euskara babesten nauen leku bat da», erantzun du. Ikuspegia aldatzeko esaldi polita iruditu zait. Askotan, euskara babestu behar dugun zerbait dela esaten dugu. Baina, agian, alderantziz da: euskarak (ere) gu (kolektibo gisa) babesten gaitu.

Larrialdi klimatikoaren aurrean eta hizkuntzen desagerpenaren aurrean, estatu elebakar neoliberalek ez gaituzte babestuko. Argi ikusi dugu hori aurtengo udaberrian Madril eta Parisen menpe dauden epaitegiek erabakitakoekin: Bidasoko alde batean, eskolan euskara ikastea konstituzioaren kontrakoa dela esan digute; beste aldean, herritarren zerbitzura lana egiteko euskara eskatzea legearen aurkakoa dela. Yayo Herrero antropologoak dioen bezala:

Ohiko ekonomiak eta haren adierazleak mundu fisikoaren gainean hegan dabiltza, baina ez dira konturatzen mundu hori abiadura handiz hondatzen ari dela, edo, are okerrago, haren suntsipena aberastasunaren hazkundea balitz bezala ospatzen ari dira.

Hitz gutxi batzuk aldatuta, antzeko hausnarketa egin zitekeen hizkuntzen arloan. Hortaz, elkar babesten jarraitu beharko dugu, eta euskara eta gainontzeko hizkuntza gutxituak izan daitezke mundu justu eta jasangarria osatzen lagundu dezaketen tresnak. Gure kantaera ahaztu ez dadin, eta, gure kantuen bidez ere, hil edo biziko mundu mailako erronkei aurre egiteko.

Udaberria joan da. Kukua isildu da. Baina udan izango dugu gai horien inguruan hausnartzen jarraitzeko parada Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? izenburua daraman Jakin Jardunaldian.