Gabriel Aresti eta Arantzazu
PAU L O AG I R R E BA LT Z AT E G I
Idazlea eta Jakinen Kontseilu Editorialeko kidea
2013ko uztailaren 4an ekitaldi oso deigarria gertatu zen Arantzazun: bertako Liburutegiak Gabriel Arestiren Harrizko Herri Hau liburuaren jatorrizko eskuizkribua itzuli zion Meli alargunari. 40 bat urtez jasoa eta gordea zuten fraideek, liburuaren editoreak eskatuta eta Kandido Zubizarreta orduko liburuzainaren ardurapean utzita. Egun haietako hedabide sozialek eurrez jaso eta zabaldu zuten gertakariaren berri. Esker onez eta hunkituta berreskuratu zuen Melik senarraren eskuizkribua. Liburua familiaren eskuetan uztea baino gehiago izan zen, ordea, ekitaldia: Arestiri omenaldi sentitua egin nahi izan zioten Arantzazuko fraideek, hark santutegiarekin eta bertako hainbat fraiderekin izandako harremana, lankidetza eta adiskidetasuna gogoratuz. Gazte-gaztetatik izan zuen Gabriel Arestik harremanik Arantzazurekin. Bitoriano Gandiagak berak 1956 inguruan ezagutu omen zuen hantxe. 23 urte zituen orduan poeta bilbotarrak. Euskal literaturaren mundura agertu berria zen Euzko-Gogoako bere lehen olerkiekin: 1954an-edo (ik. Joxe Azurmendi, «Gabriel Arestiren tintazko bataioaz», Jakin 62, 1991, 129-142, 129-130. or. Behin baino gehiagotan aipatu
199
azaroa-abendua 2013
 
GABRIEL ARESTI ETA ARANTZAZU
ko dudan 14 orrialdeko idazlan hori, Azurmendi-1991 izendatuko dut; bertan, Euzko Gaztediko Andoni Arozenari Arestik Arantzazutik idatzitako erantzun-gutunaren berri eman zigun: Aresti: Gutuna izenez aipatuko dut Arestiren testua).
Ondorengo urteetan estutuz joan ziren haren harremanak Arantzazuko fraideekin, 1960tik aurrera —Bilbon bizi zen Imanol Berrituarengandik hasita—; batez ere Jakin aldizkarikoekin: Joseba Intxausti, Kepa Enbeita eta bereziki Joxe Azurmendi.
Harri eta Herri. Arantzazu
Harri eta Herri da (1964) Arestiren poema-liburuetan gailurrekoena. Horren atalik handiena Oteizari eskainia da zuzenean; Quousque tandem (1962) obra da poema-liburuaren ezkutuko erreferentzia nagusietakoa, uste dudanez. Baina aurrenik, eta Oteizaren liburua baino lehenago, Arantzazuko apostolu-harriak ezagutu zituen Arestik, bertako plaza-bazterrean baztertuta. Basilika berrian Oteizak lantzeko frisoko apostoluen obra geratuta zegoen garai hartan, Eliz debekuaren ondorioz. Arantzazura joaten zen bakoitzean harriduraz ikusi ahal zituen harri-blokeak lurrean etzanik; biziki haserretzen omen zen. Harri horietatik ezagutu zuen aurrenik Oteiza Arestik, bere poeman dioenez («Profeta bati (Jurgi Oteitzari azaldu nahirik)» poema, Harri eta Herri, IV, Q):
Nik ez dut Jurgi Oteitza eskultorea ezagutzen, baina hainbeste bider ikusi ditut haren harriak, haren apostoluak [...] kamino gaitz horretako bazterretan eroririk [...]
Beraz, Harri eta Herri liburuaren azken arrazoiak, Oteizaren liburuan beste, Arantzazuko apostolu-harrietan daudela esan daiteke... eta Arantzazu harrizkoan: «Harria / edo
90
 
PAULO AGIRREBALTZATEGI
nundikan harria. / Harrizko dorrea» ikusten baitu Arantzazun («Atzo ezagutu nuen» poema, ibid., IV, M).
Neurri handi batez, Arantzazun —«Arantzazu polilitoa», beraren esatez— sustraitua eta girotua dago, beraz, Arestiren poema-liburu adierazgarriena. Hori berrestera datoz, bestalde, Joxe Azurmendiri —Joxeperi— liburu berean eskainitako olerkiak (III. partea, Z poema, eta IV. partea, M poema). Arantzazuko Teologiako ikaslea zen Joxe Azurmendi, eta Jakin aldizkariaren zuzendaria (1962-1963). Oso adiskide egin zen Aresti Joxeperekin, eta adiskidetasun horixe kantatzen du olerkiotan, Arantzazu bera kantatzearekin batera. Laguna ezagutu zuenekoa kontatzen digu laugarren parteko M olerkian:
Atzo ezagutu nuen nire laguna. Zerura pagatu nuen kotxea. Oñatin bazkaldurik Arantzazu gora bertan topatu nuen fraile buru motza. Atzo ezagutu nuen nire laguna [...]
Aresti eta arantzazuar literatura
«Arantzazuar» literaturak mendetako historia du, XV.aren azkenetan erromesak bertako balada edo kanta zaharrak asmatzen eta kantatzen hasi zirenetik gaur arte datorrena. Arantzazuar literatura ez da bertako fraideek edo erromesek egindakoa bakarrik, Arantzazuren inguruan sortu edota Arantzazu kantatu izan duen literatura da —herritarra nahiz aditua—. Historia horretan leku berezia du Arestik, eta ez aipatua dugun Harri eta Herri obrarengatik bakarrik. Lehenagokoa da haren harreman literarioa Arantzazurekin, 1961ean Jakin aldizkarian argitararazi zuen bere «Azken poema» txikitik hasita. Literatur sariketetako batean lehen saria jaso ez izanak min handia eman zion Arestiri, eta etsi
91
 
GABRIEL ARESTI ETA ARANTZAZU
pena eragin ere bai itxuraz. Poesia bertan behera uztea erabaki zuen nonbait bere baitan; eta bere «Azken poema» idatzi zuen:
Kantsazioaren aitzakiarekin nire gradotik dimisioa presentatzen dudalarik, beste enplego nekagarriago bat onartzen dut.
Jendaurrean aldarrikatu nahi izan zuen, ordea, bere «dimisioa», eta Arantzazuko «lagunarengana» jo zuen, Jakin aldizkarian argitara zezan... Horretan poesiarik ez argitaratzea erabakita zeukaten arduradunek; baina adiskidetasunaren izenean-edo, «mehatxu» eta guzti, behartu egin zituen bere azken poesia argitaratzera. Eskela itxuran argitaratu zuten (15. zk., 1961, 97. or.). «... beste enplego nekagarriago bat onartzen dut» beste honetara aldatu zuen gero: «Beste enplego zoriontsuago bat onartuko nuke»... Zorionez ez zuen aurkitu, eta poesia lantzeari ekin zion lehen baino kemen are handiagoz!
Anekdota bitxi horretaz at, jakin beharrekoa da Arestiren lehen antzerki-obra —Mugaldeko herrian eginikako Tobera, 1961— Arantzazuko Teologiako ikasleek antzeztu zutela lehenbizikoz, Arestik berak aitortua duenez, gorago aipaturiko gutunean. Gabonaldietan hainbat antzerki egin ohi zuten Arantzazuko ikasleek; horietako bat izan zen nonbait Arestirena, 1962ko Gabonetan. Bestalde, Iratzederren Pasionea obra ere behin baino gehiagotan antzeztu zuten Arantzazun bertako fraide ikasle gazteek, Aste Santuan. Bestelakorik ere eskura eduki nahi, eta horrelako ekitaldien sustatzaile zen Jose Goitia fraide irakasleak Arestiri eskatu zion idatz zezala antzerkiren bat, Aste Santuan Arantzazun antzezteko... Baita idatzi ere, bat behintzat: «... Eta gure heriotzeko orduan» (1964an Egan aldizkariak argitaratua). Dena dela, ez zuten gero antzeztu Arantzazun; Iratzederren
92
 
PAULO AGIRREBALTZATEGI
Pasionearen ordezkotzat ez zuten ontzat eman nonbait (ik. Gabriel Aresti, Literatur lanak. 7. Antzerkia, Susa, 1986, 280. or.). —Jakitekoa da Iratzederren miresle ere bazela Aresti.
Arestiren Arantzazu: poesia, argia, euskara... Paradisua!
Euskararen eta euskal literaturaren —poesiaren— erreferentzi gune garrantzizkotzat zeukan Arestik Arantzazu. «Poeta bikaintzat» dauka Salbatore Mitxelena, eta esker oneko zaio, bere antzerkiren bat defenditu zuelako (Aresti: Gutuna, in: Azurmendi-1991, 133. or.). Lizardiren ereduko gailurtzat jotzen ditu Bitoriano Gandiaga eta Antonio Bilbao, bi poeta bizkaitar, biak Arantzazuko fraideak; eta batez ere bere hurbileko poetatzat dauka Joxe Azurmendi (Aresti, Gabriel: «Gaurko euskal poesia», Zeruko Argia XXVIII/100, 1965-01-24, 9. or.).
Oso ikuspegi idealista eta zerutiarra dauka Arestik Arantzazuri buruz: aski da Azurmendiri eskainitako olerkiak irakurtzea (Harri eta Herri, III, Z):
Joxepe nire laguna hurrun dago han goian, zerutik hurbil, eta ni berriz hemen behean, osin ilun honetan Bilbo deritzan infernu honetan... Hura han goian, Arantzazu deritzan gailur haretan, paradisu haretan...
S. Mitxelenak eta garai hartako Arantzazuko zenbait sermolarik baino ikuspegi dikotomikoagoa, alajaina! Goraipamen idealista berberera dator «Atzo ezagutu nuen / nire laguna» poeman ere (ibid., IV, M):
93
 
GABRIEL ARESTI ETA ARANTZAZU
Joxepe lagun maitea: Nun da zeruko atea? Kanta dezagun batea! Apur dezagun katea! Begira nola dagoen harana hodei beltzez estaldurik, harantza nire deseoa haize hotzak darama.
Zerutarra delako ez ezik, euskararen babeslekua delako ere bada agian paradisu Arestirentzat Arantzazu, Bilbori kontrajarrita edo. Honetara idatzi zion Venezuelako bere kritikatzaileari:
Ni nire herrian bizi naiz, nire herri artean. Orain ere, hitz hauk paperaren gainean eskribitzen ditudan momentu honetan bertan ere, nire herrikideen artean, Arantzazu deritzan paradisu honetan. Nire inguruan (bazkalostea da, eta ehun bat erromesek bazkaltzen dute Oñati gaineko ostatu honetan) euskeraz besterik ezta entzuten (Aresti: Gutuna, in: Azurmendi-1991, 132. or.).
Areago, euskal abertzaletasunaren ikurtzat hartzen du nonbait Arestik Arantzazu. Horregatik handixe egin nahi du bere abertzaletasun-aitorpena, Andre Maria testigutzat hartuz:
Gauza bat zin egiten dut Arantzazuko amaren aurrean gaur, eta nere bi alaben ohorearen aurrean, abertzalea naizela, buruko puntatik eta behatzetaraino (ibid., 134. or.).
Eta honetara amaitu zuen bere gutuna: «Nerean, eta nere herriarenean: Biba Euskalerria libre! Arantzazu, 1963/III/17an».
Bitoriano Gandiaga eta Gabriel Aresti
Gandiaga izan da Arantzazuko poeta enblematikoena Arestiren belaunaldiarentzat, eta euskal literaturan oihartzunik handienekoa. 1928an jaioa, Aresti baino bost urte zaharragoa zen —esanda geratu da 1956an-edo ezagutu zuela hori Arantzazun—. Batek baino gehiagok aztertu izan ditu bi poeten arteko kidetasun eta ezberdintasun pertsonal
94
 
PAULO AGIRREBALTZATEGI
eta literarioak. Hemen Felipe Juaristiren «Aresti eta Gandiaga. Ohar batzuk / Breves notas sobre Aresti y Gandiaga» (Euskonews 77, 2000-05-12) eta Iñaki Sarriugarteren «Bitoriano Gandiaga eta Bilbo» (Litterae Vasconicae 8, 2001, 279294) idazlanak azpimarratu nahi ditut.
Gandiagaren beraren aitorpen mingotsa da hemengo hau:
Esan beharra dago: Elorrik ez zuen norbaitzuengan estimazio haundiegirik izan. Sinbolista, intimista eta horrelakoa omen zelako. Modan zegoen modua, ni Elorri egin eta gero enteratu nintzen bazenik ere, baina soziala zela. Elorriko poesia zaharkitua zela, pasea.
Felipe Juaristi, idazlea eta literatur kritikaria, «lasaitzera» datorkio:
Poesia, ordea, ez da inoizkoa. Gaurkoa poesia baldin bada, edo poesiatzat jotzen badugu, biharkoa ere poesia izango da, eta etzikoa ere bai [...] Alde horretatik seguru nago, Gandiagaren Elorrik iraun egingo duela, bere garaiko liburu askok iraungo ez duten tokian.
Gabriel Arestik ere iraganekotzat kritikatu zuen Gandiagaren Elorri, bere Maldan behera lehen poesi-obra (1960) halakotzat jota zeukan bezala. Arestik, ordea, iritzi oso onean zeukan Gandiaga poeta, baita Elorriren garaiko autorea ere:
Zorionez frutu berriak eman ditu Lizardiren arbolak, eta frutu hoietatik zilegiztatzen da eskola horren izaera; bi bizkaitar dira. Bitoriano Gandiaga eta Antonio Bilbao-Monasterio.
Baina aholku modukoa damaie jarraian («Gaurko euskal poesia», Zeruko Argia XXVIII/100, 1965-01-24, 9. or.):
Orain biak txit sariztatuak dira, baina hemendik hogoi urtera, ez dakit nik zertan geratuko den hoien poetatza, baldin eta eskola berrietara aldatzen ez badira.
Izatez, eta Joan San Martinek idatzia duenez, Arestik berak proposatu zuen Gandiaga euskaltzain urgazle izateko, 1964an, Elorri liburua argitaratu eta berehala, beraz (ik. Arana Martija, Jose Antonio: «Orbelaungo landarea Arantzazun zuhaitz», in: Bitoriano Gandiaga eta Mendata, Bilbo, 2001, 150. or.).
95
 
GABRIEL ARESTI ETA ARANTZAZU
Norbaitek idatzia duenez, bestalde, Arestik berak ere Gandiagaren esperientzia mingots bertsua izan zuen bere lehen obra poetikoaren ondoren:
Comenzó [Aresti] su andadura literaria con una obra de carácter simbolista, Maldan Behera (Cuesta abajo) [...] Esta primera obra tuvo escaso éxito de crítica, sumiendo al escritor en una crisis creativa. En esta época conoció a Blas de Otero quien compartía inquietudes artísticas y sociales, en la Tertulia de La Concordia, y este hecho pudo influir en el giro de su trayectoria poética [Harri eta Herri etorri zen]» (Wikipedia).
Zuzenean gogoratzen digu testu horrek Gandiagaren beste aitorpen hau:
Gero [Elorri argitaratu ondoren], hamar bat urtetako mutu aldi ta meditatze aldi baten ondoren, sozial eta erreibindikaziozko poesiara aldatu nintzen. Aresti, Azurmendi-ta baino beranduago. 1967-tik 69ra bitartean Hiru gizon bakarka idatzi nuen, «Oteitzaren eskaritik Herriarenak entzunik» (Loiola Irratian elkarrizketa, 1977).
Bi gizon eta poeten urruntasuna eta hurbiltasuna, biak batera, beraz? Aresti eta Gandiaga, gizon eta poeta, oso ezberdinak ziren, hori bai:
Gandiaga baikorra da. Aresti, ez. Gandiaga inozoa. Aresti, ez. Gandiagak, Elorri idatzi zuenean, ez zuen gaizkia ezagutzen, bere bizitzatik aparte utzia zuen. Gandiagak ez zuen hiririk ezagutzen, ez zuen Arantzazuz eta bere jaiotetxeaz aparte beste lurrik ezagutzen, liburuetan izan ezik [...] Aresti, mailuz jota, harriari kantan hasi zen. Gandiagarena, ordea, ez da harrizkoa, lurrezkoa, buztinezkoa, baizik.
Juaristiren hitzak dira, agian ertz biziegikoak; baina hona jarraian berak:
Oso urruti zeuden elkarrengandik Aresti eta Gandiaga, garai hartan. Baina poesiaren indarra hauxe da, lehen elkarrengandik urruti zeudenak hurbildu egiten ditu elkarrengana.
Benetakoa izan zen hurbilketa eta elkarrenganako mirespena. Horren seinale da, Gandiagaren aldetik, Uda batez Madrilen libururako idatzita utzi zuen eskaintza hau, gero
96
 
PAULO AGIRREBALTZATEGI
liburuan sartu gabe geratu zena, seguruenik tartean hil egin zelako Aresti.
Hitzari poesiako ate nagusiak zabaldu zizkion Gabriel Arestiri.
Gandiagarentzat «sua» zen Aresti, Sarriugartek seinalatua duenez; agian harria baino gehiago; beharbada «lurra» zen Gandiaga Arestirentzat.
«Gabriel Arestiren Aitormenetan» eta omenetan
1975ean hil zen Aresti. Hileta zibila egin zioten. Norbaitek, Gandiaga han ikusi eta hitzen bat esateko eskatu zion itxuraz. Ustekabean hartu zuen eskaerak nonbait Gandiaga, baina ukorik ezin egin; eta bere hitzak esan zituen, eta, dirudienez, aurretik gogoetatuak zituenak. Bada testu bat haren artxiboan, Arestiren hiletaren ondoren idatzia behar duena, gaztelaniazko itzulpen eta guzti, eta hiletako bere lekukotasunaren berri utzi diguna, seguruenik lagunek edo familiakoek hala eskatuta. Luzetxoa bada ere merezi du hemen ematea:
Neure berri emanez hasiko naiz: fraide eta apez naiz, bai poeta eta Gabrielen adiskide ere. Errespetatzen dut Arestiren nahia: Ez zuen elizfuntziorik nahi ukan, ez kanpai hotsik, ez ohiturazko elizkizunik. Ez nator Elizaren izenetan. Naizan bezelakotan nator, naizanik ezer ukatu gabe. Onartzen dut Juan San Martinek eta Haranburu Altunak Arestiren gorapenez esan dutena. Nik mundu hontakoz beste dimensio batetan, betiko bizitzan sinesten dut eta guztiok salbatu nahi gaituen Jaungoikoagan. Jainkoaz ukan ditzakegun ideia eta iritziak gorabehera, salbatuko gaituen Jainkoagan sinesten dut. Gure zekenkeri, txikikeri eta grinetatik libre irizten duen Jainkoagan sinesten dut. Eta ez gure erara, baina guztiz bestetara eta Bere modutara —«Zuk bakarrik dakizula fededun hil diren guztiak»— iritzi diola-ta nago gure adiskide Gabrieli, eta Bere gloriatan harturik ukanen duela uste dut. Eta Jainkoaren jokabide hau ezagutzean, Aita deitzera be
97
 
GABRIEL ARESTI ETA ARANTZAZU
harturik aurkitzen naiz, eta guztion aurrean Hari Aita deitzeko atsegina ukan nahi dut. Eta nik sinesten dutanetan sineste duten guztiek esan dezakete nerekin «Gure Aita»: Gure Aita... (Askok erantzun zuten). Jainkoak bere paketan ukan dezala gure adiskide Aresti. Amen.
1978an Arestiren omenezko ekitaldia antolatu zuen Gipuzkoako Aurrezki Kutxak, non hainbat poetak hartu baitzuen parte. Hiru olerki idatzi zituen Gandiagak ekitaldirako: «G. Arestiren Aitormenetan» da horietako bat (Agiriak. Euskal poetak eta artistak G. Arestiren omenez, GAP, 1978, 98-101). Zoritxarrez ordenaz aldatuta daude ahapaldiak, inprimategian Gandiagaren jatorrizko testua gaizki interpretatuta edo; dagokion ordenan ekarri dut hona, idazlan hau burutze aldera —berorren kopia eskaini zioten fraideek Arestiren alargun Meliri Arantzazuko ekitaldian.¶
Gabriel Arestiren Aitormenetan
Bitoriano Gandiaga
«Nire aitaren etxea defendituko dut», esan zuen bat bateko suak.
Deihadarrak entzun ziren suaren kontra lekaioak suaren alde.
Urez heldu zitzaizkionak indartu egin zuten; adarrez eraso ziotenek haserretu.
Bere baitariko haizeak zeragion su azkarra zen.
Alferrik ginen urruti ilinti zaharrak gordetzen,
bat baterako argi beroak jo ginduen ta itzul arazi.
98
 
PAULO AGIRREBALTZATEGI
Ta sortzaile zetorren, bihurri ta martzal;
zaharkinei atxikiz, aitareneko ganbara ta ate-osteko ezertarako ez zen oro erre zuen ta argia sartu etxean,
baliorik eta etorbiderik zuena harri ta herriren begitan jarriki.
Erreturan belar berria erne da, garia, bideak, ihardun-poza.
«Nire aitaren etxea defendituko dut», dio «HARRI ETA HERRI»tatik abots gorenak.
«Nire aitaren etxeak iraunen du zutik», darantzuio «HARRIZKO HERRI HAU» beteko erantzunak.
99
Page: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11