Amaia Inzak estatuaren, ideologien eta alderdi politikoen arteko erlazioak aztertzen ditu. Izan ere, estatuek ekonomian duten jokabidearen arabera egokitu behar izaten dute alderdi politikoek beren ideologia eta ezker-eskuin ardatzean duten posizioa. Inzak argudiatzen duenez, globalizazioak ongizate gizartearen ereduan eragin dituen egokitzapen eta erreformek diskurtso hegemoniko neoliberalerantz bultzatu ditu ideologia eta alderdi politikoen jarrerak.
Jean Haritxelhar irakasle eta akademikoa elkarrizketatu du Imanol Murua Uriak kazetariak. Haritxelharren bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu elkarrizketak: haurtzaroa Baigorrin; Bigarren Mundu Gerrako aleman okupazioari buruzko oroitzapenak; bigarren mailako, unibertsitateko eta gaztelania ikasketak Akize, Baiona, Mont de Marsan, Tolosa eta Parisen; hizkuntzalaritzaren arloan egindako ikerketak, Etxahun Barkoxekoari buruzko doktorego tesia barne; Bordeleko Unibertsitatean gaztelania departamentuko irakaslea eta euskarazko katedraduna; Euskal Erakustokiko eta Ikas elkarteko zuzendaritza; Udako Euskal Unibertsitatearen sorreran izandako parte-hartzea; Baigorriko alkate gisa bizi izandako esperientzia politikoa; Euskaltzaindiaren barruan egindako ibilbide luzea, akademiko eta euskaltzainburuorde gisa lehenik, eta euskaltzainburu gisa ondoren; Herria eta Enbata aldizkarietan argitaratutako artikulu eta zutabeak...