Gora joan
Menua
PODCASTA

Telesailak: kultur kolonizazioa etxeko egongelatik

Euskaraz sarerako eta plataformetarako edukiak sortzearen premiez audio erreportajea osatu du Jakinguneak

2020-03-01

Netflix, HBO, Apple TV... telesailen plataforma handiak gure etxeko egongeletara sartu dira, eguneroko kultur kontsumoa bere egin arte. «2019a historiara pasako da Interneten garaipen urte bezala, komunikabideetako plataformen arteko lehen postua kendu baitio sareak telebistari lehenengoz». Hala dio Libe Mimenza Castillo Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak Jakinen 235. zenbakian idatzitako artikuluan. Eta kontsumo iraulketa horrek ondorio zuzenak ditu. «Kolonizazio kultural erabatekoan gaude, sarri kontzientzia eduki gabe zer eraikitzen ari garen gure kultur kontsumoarekin».

Dena ez da ezkortasuna, dena den. Euskaraz sarerako propio prestatutako telesailak eta edukiak ere ekoizten hasi dira Euskal Herrian, eta horretarako espazioak ere zabaldu dira: Tabakalerako 2deo laborategia, Egunean Behin app-jokoa, Pikuak websaila... Azken horretako zuzendaria da Maddi Castro Elosegi. «Orain inoiz baino errezagoa da gauzak egitea, baina horiek ere nola egiten diren da kontua.  Nik neuk nahi baino mimo gutxiagorekin egin behar izan ditut websaileko hainbat gauza, baliabide faltagatik». Hori dela eta, bultzada baten premia dagoela uste du Mimenzak: «ekimen paraleloak hor daude, bai; baina, non da epe luzerako estrategia? Laborategien laborategia behar du herri honetako euskarazko komunikazioak».

Arriskuen eta aukeren inguruan Mimenzak eta Castrok aipatutakoak ekarri ditu ahozkora Miren Rubio Iturria kazetariak, Euskadi Irratiko Jakingunea atalerako egindako erreportajean. Entzun!