Gora joan
Menua

‘Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?’

Uztailaren 15 eta 16an egingo da Jakin Jardunaldia Usurbilen

2021-06-16

Krisi garai betea bizi dugu, pandemiaz harago; bat datoz horretan Lorea Agirre (Jakin Fundazioko zuzendaria), Agurtzane
Solaberrieta (Usurbilgo alkatea) eta Kepa Sarasola (UEUko zuzendaria). Gaiari sakon eta zabal heldu nahi izan diote, elkarlanean antolatu duten Jakin Jardunaldian.
Desazkundea beste biderik baden galdera handiari erantzun nahian ariko dira 16 hizlari, Lorea Agirrek azaldu bezala “hiru ikuspegi uztartuz: zientziaren begirada, begirada sozio politikoa eta lekuan lekuko baliabide alternatiboak”. Agirrek Japoniako esaera bat ekarri du gogora, “sutea pareko ibaiertzean dago”, guri eragiten ez diguten kontuez aritzeko baliatzen dena. Ordea, “mundua sutan dagoen bitartean” ez da bereizketa hori egiterik Agirreren iritziz. Mundu bizigarriago eta justuago bati galga jartzen zaiola adierazi du, “bai maila bio ekologikoan, baina baita hizkuntza eta kulturen eremuan eta baita justizia sozial eta demokraziaren eremuan ere”. Horregatik, jardunaldi hau “sute nagusiei begiratzeko” ez ezik, “suteak gurean non diren eta zer egin dezakegun ikusteko” baliatu nahi dute.
Agurtzane Solaberrietak Usurbil “hitzaren, gogoetaren eta solasaldi pausatuaren parada” izatea nahi dutela berretsi du, eta eskerrak eman ditu Usurbilgo atez ateko esperientzia ekimen praktikoen artean azaltzeko aukeragatik. Krisiei lotuta, Usurbil “herri jasangarria, irisgarria eta bizigarria” izan dadin, funtsezkotzat jo du krisien ikuspegi orokor hori, elkarri lotuta daudelako: “Klima krisiari aurre egiteko ezinbestekoa da politika feministak egitea”.
Kepa Sarasolak pandemia garaian ere jardunaldiei aurrez aurreko formatuan eusteko apustua azpimarratu du, “pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien trukea gertatzen delako”. Horren adibide gisa ulertzen du Sarasolak gaur elkartu diren hiru eragileen arteko elkarlana, Jakin Jardunaldia “dagoeneko erreferentzia den hausnarketa gunea” dela nabarmenduz. Aurten bosgarren urtea izango da, eta aurrera ere “sinergiak batu” asmoz jarraituko dutela azaldu du.
Jardunaldia ixteko, aipagarria da Eli eta Manex Pagolak bertso musikatuekin emanaldi berezia eskainiko dutela, Mikel Laboa plazan.