2020-06-19 Bloga
Matrioxka
Martxoaren 11n Eta Kitto elkarteak Eibarren antolatutako euskararen transmisioaren mintegian izan nintzen. Urtero legez, mintegian parte hartu zuten hizlariek ekarpen interesgarri ugari utzi zituzten. Hori gutxi ez eta, aurtengoan hamargarren urteurrena bete dutenez, mintegiaren ikurra den Mатрёшка errusiarra hezur-haragizko matrioxka eibartarra bihurtu zen aurkezle eta gidari lanak egiteko. Ordurako, airean zegoen birus forma zuen zalantza eta kezka, baina inork gutxik igar zezakeen gerora bizi izan duguna. Bere barnean igarkizunak ezkutatzen dituen matrioxka baten antzera bizi izan ditugu aste luzeak: ondorengo egunek gordeta zituzten enigmak igarri ezinik.
Euskara oztopo
Euskal Herrian martxoaren hasieran hasi ziren koronabirusa eta hizkuntza lotzen zuten lehen notiziak galdera klasiko eta maltzur batekin: zer nahiago duzu, mediku ona ala mediku euskalduna? Zuzenago izateko, argitu beharko litzateke berria ez den berria ez zela hemen sortu, Madrilen baizik. Bertako egunkariek zalantzan jarri zuten Eusko Jaurlaritzak osasun krisiari aurre egiteko hartutako neurrietako bat: sendagileak kontratatzeko deialdia egitea. Berripaperen kritika, noski, euskararekin lotuta zegoen; notizia ironiaz abiatzen zuen egunkari horietako batek:
Euskara oinarrizkoa eta funtsezkoa da koronabirusaren hedapenari aurre egiteko. Eta, oro har, edozein gaixotasun-mota tratatzeko. Hori da HAEEk egin berri duen azken deialdiaren ondorioa. Bertan, medikuntzako lizentzia duten pertsonak bilatzen ditu, eskualdeko administrazioko lan-poltsa publikoan sartzeko.
Ez da kontu berria, noski; aspergarri eta astuna suertatzen dela ere esan genezake. Euskarari, gainontzeko hizkuntza gutxiagotuei bezala, gaitasuna ukatzea konstantea da: zientzia, jakintza, ezagutza eta pentsamendu konplexurako balio ez duen hizkuntza. Mediku ona eta euskalduna izatea bateraezin bihurtzen dira. Euskara oztopo bihurtzen da eritasunari aurre egiteko, eta zentzugabetzat hartzen da euskal eriak artatu behar dituzten osagileak euskaraz hitz egiteko gai izateko eskaera.
Bitxia bada ere, bi hilabete geroago, mendebaldetik antzeko berria heldu zitzaigun protagonistak ziren hizkuntzak aldatuta: «Kalifornian mediku latinorik ez izateak larriagotu egiten du COVID-19 krisia». Kaliforniako Unibertsitateak egindako txosten baten arabera, espainolez hitz egiten duten medikuen faltak zainketaren kalitatean eragina du. Informe horren arabera, besteak beste, espainolez hitz egiten duen gaixo batek errazago ematen du bere egoeraren berri espainolez hitz egiten duen osasun-langile batekin dagoenean, eta osasun emaitzak ere hobeak direla ikusi dute. Madrilgo egunkarietan ez nuen ironiaz idatzitako notizia horren aipamenik topatu.
Birusak hizkuntza aniztasunarekin topo egin du
Ekialdeko lurraldeetan guk baino lehenago pairatu behar izan dute osasun larrialdia, eta, egoera berezi horretan, beste hainbat alderdirekin batera, hizkuntzarena ere antolatu behar izan dute. Jia Li-k lan etnografiko handia egina du Txinako zenbait hizkuntza egoeren inguruan, eta ‘Coronavirus meets linguistic diversity’ artikuluan azaldu du Hubei eskualdean (Wuhan bertako hiriburua da) hizkuntza kudeaketa nolakoa izan den. Txinako hizkuntza ofizial bakarra mandarin dialekto multzoaren estandarra den putonghua hizkuntza da. Bertako gobernuak hizkuntza estandar hori sustatzeko indar handia egiten du, nahiz eta gaur egun Txinako Herri Errepublika osatzen duen lurraldean 24 etnia txinatar, beste jatorri batzuetako 55 gutxiengo eta 200dik gora hizkuntza dauden. Txinako herritar gehienek, hortaz, estandarra ez den mandarin aldaera bat edo bestelako hizkuntza bat hitz egiten dute egunerokotasunean, nahiz eta putonghua lingua franca gisa ikasi eta erabiltzen duten. Azken urteetako Txinako hizkuntza politika ofiziala putonghua zabaltzea izan da beste hizkuntzen kaltean, baina, Lik dioenez, koronabirus epidemiaren ondorioz beste aldaera eta hizkuntzen estatusa aldatu da.
Hubei probintzian, esaterako, osasun krisiaren aurretik putonghua sustatzeaz arduratzen ziren erakundeek betekizun berria izan dute: baliabideak sortzea mandarin aldaera ez estandarren ulermenerako. Adibidez, putonghuaren eta Hubeiko mandarinaren artean itzulpenak egiten dituzten audio-liburuxkak eta bestelako itzulpen tresnak sortu dituzte osasun langile eta boluntarioek larrialdietako deiak erantzun ahal izateko eta ospitaleetan kutsatutakoak artatzeko. Izan ere, urte hasieran Txina osoko 60.000 osasun langile baino gehiago iritsi ziren Hubeira bertako sendagile eta erizainekin batera gaixotasunari aurre egiteko. Txinako beste eskualdeetan ere birusari aurre egiteko informazioa 39 hizkuntzatan zabaldu dela azaltzen du Lik.
Adibide gutxi batzuk besterik ez dira, eta ziur aski horrek ez du errotik aldatuko putonghuaren hegemonia, ezta zabalpenaren aldeko plangintzak ere. Baina, Liren ustez, hizkuntza politiken arduradunak konturatu dira hizkuntzek osasunean duten garrantziaz. Bada zerbait.
Pandemia eta infodemia
Txinan osasun krisia leuntzen hasita zegoenean hemen lehertu zitzaigun, eta ia ohartu gabe «balkoiak bihurtu ziren gure territorio libre bakarrak». Txerra Rodriguezek txiokatu zuen aurreko esaldi hori, baina egun batzuk geroago, Eider Rodriguezek, Berria-n idatzitako artikulu batean, ohartarazi zigun «geranioz apainduta egonagatik balkoiak ere hesiak direla».
Birusak kaleak isildu zituen eta sare sozialak piztu. Pandemia infodemia bihurtu zen. John Zarocostas-ek, The Lancet medikuntzako aldizkarian, azaldu zigun osasun krisialdiak eta informazio-tsunamiak beti batera etorri izan direla. Orain, ordea, sare sozialekin, fenomeno hori zabaldu egiten da, azkarrago eta urrutiago doa, birusak mundu globalizatuan egiten duen bezala.
Gurean infodemia ez da edukietan soilik nabaritu, erabilitako hizkuntzan ere: erdarak arinago eta urrunago iritsi baitira. Martxo hasieran Madriletik esan ziguten euskara oztopo dela gaixotasunari aurre egiteko. Apiril eta maiatzean ‘erdarabirusa’ prentsaurreko, hedabide, ostalaritza eta dendetara zabaldua zen. EAEko irrati publikoko esatari bat kexu agertu zen: «ezin ditugu ardura maila handiena duten kontseilariak elkarrizketatu euskaraz». Eguerdiro Gasteizen Jaurlaritzaren osasun arduradunek egiten zituzten prentsaurrekoetan diglosia nabarmena zen. Udalerri euskaldunetako ordezkariak kezkatuta eta haserre mintzo ziren udalaz gaindiko erakunde publikoetatik heltzen ziren jakinarazpenetan euskara gutxiesten zela ikusita. Europako Kontseiluak aholkatu zuen jendartearen ongizatea bermatzeko tokiko hizkuntzak erabiltzeko, baina hemen mezu garrantzitsuak emateko orduan euskara albo batera utzia zen. Premiazkoa azaltzeko ere euskara oztopo da nonbait.
Euskarari zirrikitu handirik utzi ez dieten kamuflaje-uniformez jantzitako erdarak harro nabaritu ditugu. Gerra metaforek diskurtsoak bereganatu dituzte. Lorea Agirrek duela hiru urte idatzitako ‘Metaforak eta armajabetzeak’ artikuluaz oroitu naiz. «Hemen ez dira denak armagabetu» zioen, eta, Adrienne Rich gogoratuz, hizkuntza eta hitza metafora direla azaldu zigun:
Hitza metafora bat da. Esaten dugun horrek –honek– zer esan dezakegun eta zer ez inherenteki esaten du.
Hauxe da kontua: zerk egiten du posible esaten dena esatea? Eta ezin esan dena ez esatea?
Botereak. Boterea duenak.
Koronabirusak gauza asko agerian utzi ditu, eta, horien artean, gurean erdarek hizkuntzaz eta hitzez armajabetuta jarraitzen dutela.
Kutsatu! Ekin, ukan, ekin
Tibeten ere badakite zer den boterea duen hizkuntza batek, txinera estandarrak, bertako hizkuntzak baztertzea. ‘Hezkuntza elebiduna’ izeneko eredu ofizialean, adibidez, presio handia egiten da tibetera geroz eta gutxiago erabiltzeko. Askotan, tibetera hizkuntza bera lantzeko orduetan erabiltzen da soilik. Hau da, putonghua da gainerako ikasgaien irakaskuntza hizkuntza. Eskola komunitario askok Tibeteko hizkuntzak sustatzeko lan handia egiten dute, eta, osasun krisialdia bertara iritsi denean, hizkuntza-lan hori beste zeregin batzuetara ere bideratu da. Yu Lha hizkuntzalariak, ‘Fighting the coronavirus in local languages’ artikuluan, horrelako epidemietan hizkuntza gutxituetan informazioa zabaltzeko garrantziaz hitz egiten du. Azaltzen du Tibeten bideo eta audioen bidez eman den prebentzio informazio gehiena txineraz edo ambo-tibeteraz eman dela, baina lan komunitario handia egin dela material horiek herrialdean hitz egiten diren bestelako hizkuntzetara ere itzultzeko.
Lharen ustez, itzulpen horiek, zabaldu nahi den informazioaren ulermena errazteaz gain, gertutasun sentsazioa areagotzen dute. Informazio ofiziala euren hizkuntzetan ere entzuteak gertaeraren seriotasuna indartzen du, eta, gainera, hizkuntza gutxitu horiekiko aitorpena eta errespetua adierazten da. Tibetar hizkuntzalariaren aburuz, azken hilabeteetan zabaldu diren bideo eta audio horiek baliagarriak izan dira Tibeteko hizkuntz aniztasuna ikusarazteko, aurretik inoiz ez baita halakorik egin.
Beharbada, Euskal Herrian ibilbide luzeagoa dugu euskararen irakaskuntzan eta itzulpengintzan. Baina egoera berri honek agerian utzi du zuloz betetako botila dela gurea. Esanguratsua izan zen, adibidez, apirilaren 17an Mertxe Mugikak Berria-n eta Maddalen Arzallusek Euskadi Irratian hausnarketa kritiko bana plazaratu zutela larrialdian euskararen inguruko gabeziak agerian geratzen ari zirelako. Izenburu bera jarri zieten euren lanei: ‘Euskararen birusa’.
Euskararen birusa irakurtzerakoan Ukan birusarekin gogoratu nintzen; Kutsatu! Ekin, ukan, ekin leloarekin «euskararen aldeko jarrera baikorrak» sustatzea helburu zuen Eusko Jaurlaritzaren «sentiberatze-kanpaina». Egun, inork gutxik izango du gogoan… Eskerrak!
Hizkuntza birus bat da
Rosi Braidotti filosofo feministak 1994an argitaratutako Nomadic Subjects liburuaren azken kapituluari ‘Hizkuntza birus bat da’ izenburua jarri zion. Bertan, besteak beste, hizkuntzak erresistentzia eta konplexutasun harrigarriak dituela idatzi zuen eta, ondorioz, hizkuntzaren boterea kalkulaezina dela: ezin jakin nor eta nola kutsatuko duten zenbait mezuk, zenbait ideiak, zenbait testuk.
Braidottik kapituluaren izenburua Laurie Anderson-en abesti batetik hartu zuen, eta kanta sortu zuenetik 34 urte pasatu badira ere, pandemia eta infodemia garaiotan interesik ez du galdu:
Language!
It’s a virus!
Well I dreamed there was an island
That rose up from the sea.
And everybody on the island
Was somebody from TV.
And there was a beautiful view
But nobody could see.
Cause everybody on the island
Was saying: Look at me! Look at me! Look at me! Look at me!
Hizkuntza!
Birus bat da!
Bueno, irla bat zegoela amestu nuen
Itsasotik altxatu zela.
Eta denak ziren irlan
Telebistako norbait.
Eta bista ederra zegoen
Baina inork ezin zuen ikusi.
Zeren eta irlan denak
Ari ziren esaten: Begiratu niri! Begiratu niri! Begiratu niri!
Datozen hilabeteetan hizkuntzaren birusari adi begira jarraituko dugu.