2018-07-06 Bloga
Jessica Chalampuente Eibarren bizi den emakume gaztea da eta dagoeneko bide luzea egina du bizitzan. Nerabea zela Ekuadorretik iritsi zen euskara eta Euskal Herria existitzen zirenik sekula entzun gabe. Joan den urteko uztailean UEUren Udako Ikastaroetako Jakin Jardunaldian kitxueraz hitz egin zuen, eta, bere hitzak ‘ulertzen’ ez genituen arren, sekulako gaitasun komunikatiboa erakutsi zuen. Adierazi egin zuen, bertan geunden guztiak bere hitzei adi izan baikintuen. Ohar hau idatzi nuen nire koadernoan: «kitxueraz hitz eginez ulertu diogu».
Azken garaian hainbat kezka zabaltzen ari dira gurera bizitzera etorri berri direnen seme-alaben eskolaratze kontuetan, baita horrek haur horien euskalduntze prozesuan dituen ondorioetan ere. …eta kitto! elkarteak Eibarren martxoan antolatutako transmisioaren inguruko mintegian, Leire Diaz de Gereñuk euskara indar kohesiogilea duen eragile nagusi bezala irudikatu eta landu behar dela aldarrikatu zuen:
Gizarte eleaniztun baten kohesiorako eta komunitatea osatzen duen ororen inklusiorako baliabide garrantzitsuenetakoa euskara bera dela aldarrikatu eta azaldu, ulertarazi behar dugu bereziki eskolaren bitartez.
Amelia Barquínek esan izan du Euskal Herrira bizitzera datozenei tranpa egiten diegula, askotan Eskola Publikoaren Legeak zehazten duen helburua («ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea») lortzeko bidea errazten ez diegulako. Hala aipatzen zuen Barquínek aspaldi idatzitako artikulu batean:
Kontua da hainbat etorkinen seme-alabak ez direla euskara ikasten ari. Horrek ondorio batzuk dauzka epe erdira: gizarte honetan, ume batek eskola uzten badu bi hizkuntzak (euskara eta gaztelania) jakin gabe, ume horrek ez ditu besteek dituzten aukerak izango, ez lan munduan aritzeko ez, oro har, gizartean integratzeko. Eta esan beharrik ez dago Euskal Herriko kultura aberastasunaren zati handi bat galduko duela. Ikasle horrek euskara geroago ikasi nahi badu, ordaindu egin beharko du zerbitzu hori. Gaur egun, eskolaz kanpoko euskalduntzea (euskaltegien edo dena delakoaren bidez-eta) ez baita dohainik.
Tranparen mekanismoa bikain irudikatu zigun Jessica Chalampuentek entzule batek euskara ikasten ari ote zen galdetu zionean:
Euskara: ikasi nahi dut? Ez. Euskara: ikasi behar dut? Bai. Zergatik esan zidaten Batxilergoan euskara ikastea ez zela derrigorrezkoa eta orain zergatik esaten didate lanerako derrigorrezkoa dela?
Bidea ebakiz
Duela bi urte Pasaiako hainbat neska neraberekin izandako elkarrizketa batean, gaztelania barru-barrutik ateratzen zitzaiela modu ezin garbiagoan adierazi zidaten:
Nik zortzi urterekin ez nekien erdaraz. Orain gehiago [egiten dut] erdaraz… Bueno, komentario batzuk bai, o sea, batzuetan ateratzen zaigu [euskaraz}. A ver! Hitz egin, hitz egiten dugu euskaraz, baina komentario batzuk erdaraz; batzuetan nos sale del alma hitz egitea erdaraz.
Pasaian bezala, Euskal Herriko bazter askotan gertatzen da neska horiek aipatutako hizkuntza-ibilbidea, eta haurtzarotik nerabezarora gertatzen den hizkuntza-mudantza kezkatzeko motiboa izaten da guraso, irakasle eta euskaltzaleen artean, euskararen bidea ebaki egiten baita. Argitaratu berri den Bat Soziolinguistika Aldizkaria-ren azken zenbakian, euskal soziolinguistikaren datu estatistiko berrienak aztertu dira, eta, hain zuzen, adinaren aldagaiari erreparatu dio Olatz Altunak.
Euskararen kale-erabilerari dagokionez, azken urteetan nabarmendu izan den egitatea konfirmatzen da: haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Gainera, haur eta gainontzeko adin tarteen arteko diferentzia esanguratsua da, euskararen ezagutza oso handia den tokietan izan ezik. Esan daiteke nerabezaroan gertatzen den hizkuntza-mudantza finkatua dagoela; Pasaiako nerabeen hitzak erabiliz, gazte euskaradunen ‘ariman’ gaztelania/frantsesa gorpuztua dago. Joan Pujolarrek zioen antropologiaren ikuspegitik hizkuntza-mudantza igarobide erritu gisa uler daitekeela. Arnold Van Gennep edo Victor Turner bezalako egileen eskemei jarraituz, igarobide errituetan prestaketa praktika batzuk egongo lirateke (preliminarrak), eta beste batzuk transformazioa gauzatzeko (liminarrak). Haurrek egiten duten hizkuntza-bidean finkatua dugun hizkuntza-mudantza zehatz honetan, nerabezaroa litzateke garai liminarra (erdarara saltoa emateko unea). Haurtzaroa garai preliminartzat hartzen badugu, saltoa emateko prestaketa garai gisa irudikatu dezakegu.
Altunak aurkeztu dituen beste ondorio batzuek gako diren ideia batzuk erakusten dizkigutela esango nuke. Jasotako datuen arabera, euskararen erabilera altuena agertzen da haurrak beste adin-taldeekin nahastuta daudenean. Hau da, adin tarte guztietan adin berekoen arteko elkarrizketetan erabilera asko jaisten da. Gazteengan ez da hainbesteko diferentzia nabaritzen, baina horretan, ziur aski, zerikusia du gazteak gutxitan agertzen direla gazteak ez direnekin hizketan (kale-erabilera ikerketan behatu dituzten gazteen %80 adin berekoekin ari zen hizketan).
Haur eta helduen arteko elkarrizketetan euskararen presentzia handiago izaten dela esatea ez da gauza berria, baina esango nuke esaldi horrekin hauxe azpimarratu izan dugula: helduek haurrekin euskaraz egiten dutela, baina, euren artean, helduen artean, erdaraz egiteko joera dutela. Baina haurren artean antzeko zerbait gertatzen dela erakusten digu Altunak: helduekin dezente gehiago egiten dute euskaraz beraien artean egiten dutena baino. Igarobide erriturako prestatzen arituko balira bezala aritzen direla ematen du.
Badirudi, eta hauxe litzateke nire ustez kezkagarriena, gizarte arau/diskurtso/marko bat eratu dugula hizkuntza eta adinari dagokionez: haur eta helduen arteko solasaldietan euskaraz egin behar da. Hau da, belaunaldi arteko harreman bertikaletan euskaraz egin dezagun eta berdinen arteko harreman horizontaletan erdaraz. Eta, noski, haurrek oso argi hautematen, ulertzen, barneratzen eta gorpuzten dute hizkuntza-erregimen hori.
Iker Salaberriari irakurri diodanez, maiatzean ospatu den Udalerri Euskaldunen Egunean gaztetxoenek eskaera bat luzatu zuten: «desbrozadora pasatzeko eurak euskaraz eroso ibili ahal izateko». Nire koadernoan idatzita ditudan urte hasieran Kike Amonarrizi entzundako hitzak gogoratu ditut:
Gure belaunaldiaren ardura da hurrengo belaunaldiari baldintzak eskaintzea ezagutzen duten euskara hori erabiltzeko.
Bidea zabaldu
Sasi-garbitzeko makina erabiltzea beharrezkoa izan daiteke, baina hurrengo belaunaldiari baldintzak eskaintzeko eskura ditugun beste tresna batzuk baliatu beharko ditugu. Euskaraz lana egiten duen feminismoak argi dauka hori. Lorea Agirrek hala adierazi zuen Judith Butlerren Genero nahasmendua liburuaren euskarazko edizioaren aurkezpenean:
Pentsalariaren kontzeptuak ulertzen dituen belaunaldia hemen da, eta euskalduna da, gainera. Horregatik behar dugu Genero nahasmendua euskaraz.
Baldintzak eta ezagutzak eskaini adinaren ibilbidean, baita ibilbide geografikoa egiten ari diren guztiei ere, etorri berri den orori. Horretarako jaio zen Banaiz Bagara elkartea duela hamar urte, pertsona migratzaileak euskarara hurbiltzeko bideak eraikitzeko. Garatzen ari diren lanari erreportajea eskaini zion maiatz erdialdean Amagoia Mujika Telleriak Gaur8 astekarian. Gure jendartean migratzaile asko adinekoen zaintzan aritzen dira, eta Banaiz Bagarako kidea den Petra Elserrek oso feminizatua eta prekarizatua den zaintza esparru horri begira lanean ari direla azaldu zuen:
Hain justu, guk hori ikusarazi nahi dugu, hizkuntza zaintzaren kalitateko faktore bat dela. Gezurra dirudien arren, ideia hori ez dago hain zabalduta. Jende askok esaten du, «tira, hizkuntzarena ez da hain garrantzitsua. Garrantzitsuena ondo zaintzea da». Baina, zer da ondo zaintzea? Zuk pertsona baten ama hizkuntzan hitz egiten ez baduzu, pertsona hori eta bere familia osoa hizkuntzaz aldatzera behartzen baduzu… horrek kalitatea kentzen dio zaintzari.
Zaintza lanetan ari direnei euskarazko erremintak eskura jarri nahi dizkiete. Horregatik, hizkuntza gaitasuna hobetzeko formazio ikastaroak eskaintzen dituzte. Alor didaktikoan ari dira metodologia bereziak eskaintzen, baina haratago joan nahi dute:
Erakundeekin elkarlanean ari gara eskaintza benetan eraginkorra osatu nahian; ahalik eta langile gehienek eta erarik errazenean egin dezaten bide hori. Printzipioz, ibilbide bat eraiki beharra dago zaintza euskaraz egin nahi dutenentzat. Ibilbide profesional horretan hizkuntzaren ezagutza nola txertatu aztertu beharra dago.
Tranparik gabe, auzolanean, dagoeneko hemen daudenei eta laster iritsiko direnei euskararen bidea sasiz garbitzea dagokigu.
Bideak bideari
Azken hamarkadetan, bidea urratu eta zabaldu duen izen nabarmenetako bat Teresa del Valle dugu. Hainbat esparrutan bidelari izan da, bide berriak ireki ditu eta bidaide izaten jarraitzen du. Poztekoa da, beraz, aurtengoan Eusko Ikaskuntzak ibilbide hori sarituko duelako: «Bere obra globalak modu eraginkorrean lagundu duela Euskal Herriko genero ikuspegiaren garapen kulturalean». Del Valle antropologia feministaren lehen sustatzaile garrantzitsuenetakoa izan da, eta, kritika feministaz gain, gizarte-antropologian esparru ugari landu ditu: hiri-antropologia, antropologia politikoa, memoriaren etnografia, metodologia kualitatiboa… Landu ditu eta lantzen ditu, irakaskuntzan, dibulgazioan, jardunaldietan edota hitzaldietan bere hausnarketa interesgarriak eskaintzen jarraitzen baitu.
Duela 30 urte, Del Vallek, talde handi baten laguntzarekin, bi urtean behin ospatzen den Korrikaren azterketa sinbolikoa egin zuen. Hainbat elementu garrantzitsu topatu zituen: tradizioa eta modernitatea, lurraldetasuna, mugak gainditzea… Baina, batez ere, Korrikaren bi elementu azpimarratu zituen: talde izaera eta mugimendua. Korrikak talde izaera indartzen du gertuko errealitatean txertatuz eta erantzun espontaneoa sortuz, eta, gainera, korrika eginez hizkuntzaren izaera dinamikoa azpimarratzen da. Korrika ez da geratzen. Lekukoa herriz herri dabil, eskuz esku. Bidea eginez.
Taldea eta mugimendua. Bide-matazatik ateratzeko bide-orria.